Errepresioa eta askatasun politikoen urraketak
Martxoaren 30eko ikasle grebaren bueltan, asko izan dira mehatxu, identifikazio, atxiloketa eta bestelako jazarpen eta errepresio kasuak. Ikasle Abertzaleak-ek elkarretaratzea deitu du gaur campusean, errepresio politikoa salatzeko. Ostiralean Gasteizeko kontserbatorioan izan zen protesta, ikasle bat kaleratu nahi dutelako propaganda eta lan politikoa egiteagatik.
Martxoaren 30ean ikasle greba antolatu zuen Ikasle Abertzaleak-ek. Gasteizen ere, Euskal Herriko beste txoko batzuetan bezala, ugariak izan dira data horren inguruan jazarpena, identifikazioak eta miaketak, eta egon da atxiloketarik ere. Elkarretaratzea egin dute gaur dozenaka ikaslek Gasteizko campusean jazarpena salatzeko, “askatasun politikoen defentsan”.
Greba egunean bertan, goizetik bertaratu zen polizia Gasteizko campusera eta Elurreta ixten ari ziren ikasle grebalariak indarrez kanporatu zituzten Ertzainek. Astebete lehenago, grebari lotutako propaganda politikoa egiten ari ziren hainbat ikasleren aurka egin zuten campusean polizia-indarrek, eta gazteetako bat atxilo eraman zuten.
Errepresioa ez da traba bakarra izan. Francisco de Vitoria zentroko lanbide heziketako ikasleek salatu dutenaren arabera, zuzendaritzak “oztopoak” jartzen dizkie ikasleei paroak deitzen dituzten bakoitzean: zailtasun burokratikoak, besteak beste. Martxoaren 30ean ezin izan zuten mobilizazioetara batu, “eta ez da lehen aldia”, salatu dutenez. Gainera, askatasun politikoen urraketak salatu eta mobilizatzen diren ikasleei “mehatxuak” egiten dizkiete. Greba egunean protesta egin zuten hainbat ikaslek greba eskubidea bermatu dadila exijitzeko.
Kontserbatorioko ikasle baten kontrako kanporatze-mehatxua
Horretaz gainera, joan den ostiralean elkarretaratzea egin zuten IAk deituta, kontserbatorioko ikasle baten kontrako kanporatze-mehatxua gelditzeko.
Kanporatzearekin mehatxatu dute ikasle bat propaganda politikoa egiteagatik, zigor gisa. Ikasle Abertzaleak-en arabera, “umiliazio publikora makurtu nahi dute eta bere militantzia politikoari uko egin diezaiola exijitu diote”. Zigor horiek betetzen ez baditu, zentrotik kanporatuko dutela esan diote, eta indarrean da mehatxua.
IAko kideek zentroak ikaslea kanporatzeko mehatxua atzera bota dezala exijitu zuten elkarretaratzean, bai eta zigorrak bertan behera utz ditzala ere. Askatasun politikoen urraketaren aurrean, antolatzera dei egin zieten ikasle langileei, beste behin ere.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!