Arabako Bertso Kuadrillartekoaren finala larunbatean ospatuko da Laudion
Gasteizko Errexala eta Katuko Muinoak taldeak eta Aramaioko Izena Pentsau Bida lehiatuko dira arratsaldean, baina goizetik hasiko dira giroa berotzen.
Bi urtean behin egiten da Araban Kuadrillarteko sariketa, 2010etik. 2018 eta 2020ko bideari eutsita Txapelketa formatua izan du aurtengoak ere. Zazpigarren edizioa izan da aurtengoa. Urtarrilaren 27an eman zioten hasiera eta larunbat honetan, martxoaren 25ean, jokatuko da finala Laudion.
Aurten, guztira, 64 lagun aritu dira bertsotan, 16 epaile lanetan, 16 lagun gai-jartzaile beharretan, eta gainerakoak bestelako funtzioetan (kronista, argazkilari, sukaldari edota musikari). Bat-bateko modalitatean 12 talde lehiatu dira, lau ligatan. Aiaraldea, Arabar Errioxa, Mendialdea, Lautada, Gorbeialdea eta Gasteiz eskualde edo herrietakoak izan dira taldeak.
Guzti horietatik, hiru iritsi dira finalera: Gasteizko Errexala eta Katuko Muinoak taldeak eta Aramaioko Izena Pentsau Bida.
Finala Laudion, jai giroan
Egun osoko festa izango da Laudion larunbat honetan, martxoak 25. Goizeko 12:00etan hasiko dira bertsotan giroa berotzen, poteoan. Idatzizko bertso-sorta taldeak eta bat-bateko taldean tabernaz taberna arituko dira bertsolariak eta lagunak, Laudioko institututik hasita.
Bazkaria egingo dute ondoren, 14:00etan kiroldegian. Intxixv taldeak bazkalostea girotuko du zuzeneko musikaz.
Bukatzeko, hiru taldeen arteko finala jokatuko da 17:00etan, kiroldegian bertan.
Bazkarirako eta saiorako sarrerak eskuragarri daude bertsosarrerak.eus helbidean.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!