[ARGAZKI GALERIA] Araba, Bizkaia eta Gizpukoako hezkuntza publikoko bigarren greba egunean, milaka lagun batu dira Gasteizen egin den manifestaziora
EAEko Hezkuntzako langileen %60k bat egin du LAB, STEILAS eta ELAk deitutako grebarekin, sindikatuen datuen arabera. Haurreskoletan eta Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzan izan du grebak jarraipena, batez ere.
“Publikoa, euskalduna eta propioa helburu” lelopean, LAB, STEILAS eta ELA sindikatuek deituta, greba eta mobilizazio eguna izan da abenduaren 14a Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza publikoan. 30.000tik gora izan dira EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan grebara deituriko langileak: irakasleak, Haurreskolak Partzuergoko hezitzaile eta kudeaketako langileak, eskoletako heziketa bereziko hezitzaileak eta hezkuntza saileko sukaldari eta garbitzaileak.
Sindikatuek emandako datuen arabera, zabala izan da jarraipena, %60koa bataz beste, eta milaka lagun batu dira goizeko Gasteizko mobilizazioan. Jarraipena handiagoa izan da Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan, nabarmendu dutenez.
Arratsaldean mobilizazioak deitu dituzte hiru hiriburuetan, eta jarraipen beretsua espero dutela esan dute ELA, LAB eta STEILASek.
Eusko Jaurlaritzari “ozen” adierazi diote ez dutela onartzen plazaratu duen Hezkuntza Lege aurreproiektua, Hezkuntza Legean eta Hezkuntza sistemaren aldaketetan eragin nahi dutela, balizko hezkuntza legerik izango bada “langileekin eraikitakoa” izango dela, eta “Publikoa, euskalduna eta propioa” izango den hezkuntza sistema bat helburu izanik mobilizatzen jarraituko dutela.
“Egungo sistema betikotzeko lege, dekretu edo aginduak ez ditugu behar, eredu duala gainditze bidean jarri behar da eta langileon lan baldintzak eta lanpostuak aintzat hartu”, aldarrikatu dute.
Sindikatuen ustez, grebren jarraipenak “argi” erakusten du “hezkuntza lege-aurreproiektuaren zirriborroak ez dituela langileak asetzen eta ez duela egungo hezkuntza-eredu duala gainditze bidean jartzen”.
Beraz, eskoletatik eta kaletik borrokatzen jarraituko dutela berretsi dute “sare publiko bakar, euskaldun eta propiorako bidea egin beharko lukeen legea lortzeko”. Horregatik, arratsaldeko 18:00etan ere Gasteiz, Donostia eta Bilbon deitu dituzte hezkuntza sistemako langile guztiak.
Hauek dira hezkuntza sistema eredu publiko, euskaldun eta propio baten alde egiten dituzten aldarrikapenak:
1. Publikoa ardatz izango duen hezkuntza legea nahi dugu.
2. Segregazioari aurre egin eta gizarte kohesioa bermatuko duen hezkuntza legea nahi
dugu.
3. Publifikazio-marko eta araudi orokor eta adostua ezartzea nahi dugu.
4. Hezkuntza lege propioa nahi dugu.
5. Inbertsio eta baliabide nahikoa izango dituen hezkuntza legea nahi dugu.
6. Euskara erdigunean jarriko duen Hezkuntza legea nahi dugu.
7. Betebehar eta kontrol mekanismo zehatzak dituen Hezkuntza legea nahi dugu.
8. Hezkuntza sistema osatzen dugun langile guztion enplegua eta lan baldintza egokiak
bermatuko dituen legea nahi dugu.
9. Merkatuen interesen gidaritzatik eta enpresa pribatuen negozio esparrutik at egongo
den hezkuntza legea nahi dugu.
10. Hezkuntza lege parte-hartzailea nahi dugu, langileak aintzat hartuko dituena.
Gauzak horrela, behin betiko aurreproiektuan sindikatuen aldarrikapenak jasoko ez balira, egin dituzten greba eta mobilizazioak baloratu eta etorriko den Legebiltzarreko izapidetzan zehar, hurrengo mobilizazio dinamika definituko dutela esan dute ELA, LAB eta STEILASek.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!