Korrika Trebiñura heltzear dagoela, hizkuntza-eskubideen urraketa etengabeak salatu dituzte enklabeko herritarrek
Trebiñu Araba Da plataformak arbuiatu du epaitegien aginduz Trebiñun euskara planak baliogabetu behar izana eta hezkuntza publikoan euskaraz ikasteko eskubidea ukatzea. Trebiñu Araban integratzea eskatu dute, "inposizioaren" gainetik.
Korrika Trebiñura heltzear dagoela, hizkuntza-eskubideak “behin eta berriz” urratzen zaizkiela salatu dute enklabeko herritarrek. Euskara Trebiñuko “berezko hizkuntza” den arren, Gaztela eta Leongo administrazioak euskaldunak atzerritar gisa tratatzen dituela diote: “bere ekintzekin, behin eta berriz gogorarazten digute ez garela haien legeetan sartzen”.
Izan ere, berriki, Trebiñuko eta Argantzungo Udalak euskara-planak baliogabetzera behartu dituzte epaitegien bidez. Epaien arabera, euskarak Enklabean izan dezakeen erabilera soziala gorabehera, “ez dago legezko oinarririk Gaztela eta Leonen hizkuntza ofizial izendatzeko”. Hortaz, legea aintzat hartuta, euskararen normalizaziorako aukerarik ez dago Trebiñun.
Era berean, epaiak xedatzen duenez, ezin da euskara eskolan ikasi Gaztela eta Leongo Hezkuntza Sistemaren menpeko ikastetxe publikoan. Aitzitik, ingeleraz ikasteko lege-oztoporik ez dagoela azpimarratu du plataformak. “Egunero, enklabeko umeak eta nerabeak Gasteizko eta Arabako beste udalerri batzuetako ikastetxeetara joan behar dute euskaraz ikasi nahi badute”, azaldu dute.
Oztopoak jarrita ere, Enklabean euskara berreskuratzeko prozesua “geldiezina dela” eta inposizioaren gainetik Trebiñu Araban administratiboki integratzea lortuko dutela ospatu dute Trebiñu Araba Da plataformako kideek.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!