Greba egingo dute Arabako adinekoen egoitzetan martxoaren 30ean
Patronalak negozioazio blokeatzen jarraitzen du langileentzako baldintza prekarioekin, ELA eta LAB sindikatuek salatu dutenez.
Arabako adinekoen egoitzetako langileek greba egingo dute martxoaren 30ean. Negoziazio mahaiaren “etengabeko blokeoa eta ezezkoa” ikusita, ELA eta LABek ezinbestekotzat jo dute mobilizazioa eta dinamikak berriro aktibatzea. Sektoreko Arabako lehen hitzarmena lortzea dute helburu.
Hiru urte baino gehiago igaro dira negoziazioak hasi zirenetik. Negozioazio mahaia eratzea ere mobilizazioen bitartez lortu zela gogoratu dute sindikatuek. Oraindik, baina, Arabako adineko egoitzetako patronalak “bere plataforma eskas eta prekarizatzaileari eusten dio”, eta plataforma hori erabiltzen ari da negoziazioa blokeatzeko, ez baitizkie Arabako adinekoen egoitza eta etxebizitza komunitarioen sektoreko langile guztiei lan baldintza duinak bermatzen, ELA eta LABek ohar batean jakitera eman dutenez. Gainera, Bizkaiko edota Gipuzkoakoekin alderatuta, okerragoak dira lan baldintzak Araban.
“Adibide bat jartzearren: patronalaren proposamenak hitzarmena amaitzerako (2026an), langileen hileko soldata 1.220 eurokoa izatea nahi du, KPIaren inolako bermerik gabe, eta 1.742 orduko lanaldiarekin jarraitzea, gehiegikeri garbia dena”, esan dute.
Bi sindikatuen aho batez diote ez dutela onartuko “sektoreko 1.000 emakume langile baino gehiagoren bizitza hobetzen ez duten baldintza horiek”. Langileen proposamena egoera hori iraultzea da: kategoria guztietan %50eko igoera, KPIa (2022rako) eta sektoreko langile guztien erosahalmena bermatuz. Gainera, 2022rako 200 orduko jaitsiera izatea ere eskatzen dute.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!