Mobilizazioa egingo dute Gasteizen ostegunean LOSU eta Elkarbizitza Legeen aurka
Ernaik mobilizazioak antolatu ditu biharko, osteguna, EHUko campusetan. Gasteizen Elurretatik hasiko da 12:00etan. Herrialde Katalanetan ere egingo dituzte protestak, SEPC ikasle sindikatuak deituta. Irakurketa bateratua egin dute bi antolakundeek.
Mobilizazioa egingo dute bihar, abenduak 16, Gasteizko campusean, Ernaik deituta. Espainiar Estatuko Unibertsitate Ministerioak proposatutako LOSU Legea (Castells Legea ere deitu zaio) “geldiaraztea” da protestaren helburua, baita Unibertsitate Elkarbizitza Lege berriari “desobedientziaz” erantzutea ere.
EHUko Ibaetako eta Leioako campusetan ere antolatu ditu protestak Ernaik, eta SEPC ikasle sindikatuak ere bai, Herrialde Katalanetan. Izan ere, irakurketa bateratua egin dute bi antolakundeek.
Salatu dute Unibertsitate Ministerioak, Manuel Castells buru, LOSU Legea “adostasun-lege” bezala aurkeztu duela “unibertsitateko hezkuntza komunitatearekin adostu gabe”. Lege horren aurka egin dute Ernaik eta SEPCek, hezkuntzaren merkantilizazio-prozesua sustatzen duelako, enpresa pribatuei “unibertsitateen ateak irekiz” eta “lan-merkatuaren beharretara egokitzea” bilatuz.
Gogor kritikatu dute Unibertsitateetako Elkarbizitza Legea ere, manifestaziorako, elkartzeko, adierazpen-askatasunerako eta grebarako eskubideak zigortzen dituelako eta ikasleen mugimendua “desegitea” helburu duelako. Horren aurrean “desobedientziaz erantzuteko” deia luzatu dute.
“Estatu espainiarreko herri zapalduetako ikasleok aurre egingo diogu Unibertsitateko Elkarbizitza Legearen makinaria zapaltzaileari. Gure hezkuntza merkantzia bihurtzen duen kapital handiari aurre egingo diogu. Ikasleok espainiar estatu ustelaren eta bere inposizioen aurrean egongo gara”, berretsi du Ernaik, mobilizazioei begira.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!