HALA BIDEO | Beste familia bat kaleratze arriskuan
Stop Kaleratzeak plataformak jakinarazi duenez Amaia, Pepe eta hauen 4 seme-alabak Dulantziko ohiko etxebizitzatik kaleratuak izan daitezke martxoaren 16an. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak argitara eman dituen datuen arabera, 2020ko azken hiruhilekoari dagokionez, Araban 62 etxegabetze eman dira, pasa den urtean hiruhileko berean baino %24 gehiago.
Amaia eta Pepe Dulantziko ohiko etxebizitzatik kaleratuak izan daitezke datorren asteartean, martxoak 16, eta kalean gera daitezke Asier (9), Aitor (7), Amaia (5) eta Ailara (3) seme-alabekin. Alokairuan bizi dira 2018az geroztik, eta 1.000 euroko errenta ordaintzen dute hilero, hasieran erosteko eskubidea zutelako eta aipatutako errenta salmenta-preziotik kenduko zitzaielako.
Pepe eta Amaiaren lan egoera erabat okertu zen 2019an, Pepe urteak zeramatzan enpresatik kaleratu ostean. Enpresak galerak argudiatu zituen, horrela, arrazoi objektiboengatik kaleratu eta kalte-ordain gutxiago ordaintzeko. Amaiak ostalaritzan egiten zuen lan, baina iaz hasi zen pandemiak bizitza erabat irauli zien, okerrera. Pepek, asteroko kontratu luzagarria egiten dioten lan berri bat bilatu du ABLE baten bidez.
Gauzak horrela, eta familiak bizi duen egoera kontutan hartu gabe, alokairuaren errentatzaileak ez die alokairu-kontratua luzatu nahi izan, pisua saldu nahi duelako. Gainera, Gizarte-langileak kalteberatasun txostena egin dien arren, Dulantziko Udalak ez die beste aukerarik eman. Stop Kaleratzeak plataformak Gasteizko 6 zenbakiko epaitegiari eskatu dio kaleratzea bertan behera uzteko eta Nazioarteko Zuzenbidea zein Jurisprudentzia errespetatzeko, PIDESCen urraketa larritzat jotzen baitu familia kalteberak nahitaez eta beste bizilekurik gabe etxetik botatzea. Amaia, Pepe eta haien 4 seme-alabak kalegorrian gera daitezke.
DECLARACIONES EN CASTELLANO
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!