Arte eszenikoen sektorea kalean, kulturaren etorkizunaren defentsan
SOS Kultura plataformak agerraldia egin zuen ostiralean Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan, "euskal kulturaren sektorea defendatzeko". Arte eszenikoen sektoreko eragile ugarik plazaratu dute Kultura Gara manifestua. through Alea.eus
“Kultura gara eta arriskuan gaude”, ohartarazi dute SOS Kultura plataformako bozeramaileek Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egindako mobilizazioetan. Gasteizen ere euskal kulturaren sektorearen aldeko Kultura Gara manifestua aurkeztu dute, Covid-19aren krisiaren aurrean.
Egitasmoaren atzean eragileen zerrenda luzea dago: antzezleak, teknikariak, zuzendariak, dramaturgoak, koreografoak, kudeatzaileak, irakasleak, banatzaileak, ikus-entzuleak, kaleko artistak, zirku taldeak, dantzariak, musikariak…
“Faseak, deseskalada eta normaltasun berriaren iragarpena gorabehera, arte biziek ezin dute normaltasun hori berreskuratu”, azaldu dute; izan ere, kontrataziorik eta jardueraren berezitasunari egokitutako protokolorik ez dagoela salatu dute.
Kulturaren sektoreak alarma egoeraren aurretik ere ezarrita zegoen “prekarietate egoera” bizi duela diote, baina, orain, euren jardueraren etorkizuna “benetan arriskuan” ikusten dute.
Kalera atera dira bide instituzionalek “benetako konponbiderik eskaini gabe” jarraitzen dutela sentitzen dutelako: “Erakunde batzuek kulturaren aldeko apustua egiten dute, baina neurri eskasak, geldoak eta partzialak hartzen dituzte”. Halaber, lan faltaren ondorioz diru-sarrerarik gabe dauden arte-konpainia asko daudela ohartarazi dute.
Kultura “ezinbesteko ondasuna” dela aldarrikatu zuten Andre Maria Zuriaren plazan. Erakunde publikoei eskatu diete gizarteak kulturarako sarbidea izateko eskubide unibertsala bermatuko duten politikak garatzeko. Ekonomian zein bizitzan duen “interes estrategikoa” azpimarratuz, “berebiziko sektorea” deritzotena mantentzeko premia jarri dute mahai gainean.
Argazki galeria | Alea.eus
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!