Gasteizko auzoetako jaiak egoera berrira moldatu eta formatu berriak berrasmatzeari ekingo diote
Ohar bateratua plazaratu dute Gasteizko hainbat auzotako jai batzordeek. Auzoetako jaiak ate joka dauden honetan pertsonen eta hauen osasuna da jai batzordeen lehentasuna eta hori bermatu arte formatu berri batean ospatuko dituzte festak.
Txagorritxuko, Adurtzako, Aranako, Judimendiko, Arriagako, Alde Zaharreko, Salburuako, Zabalganako, Zaramagako eta San Kristobalko jai batzordeek auzoetako jaiak ospatzeko formatu berriak jarriko dituzte martxan. Covid-19 gaitzak sortutako krisi sozio-sanitarioaren aurrean “arduraz jokatzeko momentua” dela uste dute Gasteizko auzoetako jai batzordeek. Horregatik pertsonak eta hauen osasuna lehentesiz jaiak ospatzeko formatua aldatu eta egoera berrira egokituko dira, “behintzat pertsonen osasuna bermatuko duten baldintzak eman arte”.
Koronabirusak beste aspektu askotan bezala herri mugimenduan eragin zuzena izan duela eta izango duela azaldu dute jai batzordeko kideek. Gasteizko herri mugimendua anitza eta aberatsa dela azpimarratu dute: “Jaietan burutzen diren ekintzek eta aldarrikapenek indarra ematen diote bai auzo bizitzari eta baita auzogintzari ere”.
Jai batzordeak kontziente dira hartutako erabakiarekin zenbat gauzei egin beharko dioten uko, izan ere harreman asko ezingo dituzte gauzatu eta orain arte egindako lanaren parte bat bertan behera geratu beharko da. Jaien formatu aldaketak eragin zuzena izango du auzoetako ehun ekonomikoan zein jaietan parte hartzen duten herri mugimenduetako adierazpen ezberdinetan ere.
Egoera berriak “herritarron inplikazioa” eskatuko duela azaldu dute, zentzu horretan auzoko komertzio txikia bultzatzen eta “auzoko eragileekin batera sor daitezkeen dinamika herritarretan alatxoa jartzeko” konpromezua hartu dute jai batzordeek.
Malgutasuna udalaren partetik
Udalaren partetik ere inplikazioa espero dute egoera berriari aurre egiterako orduan. Udaletxetik baimenen, dirulaguntzen edo betselako edozein tramite burokratikoren malgutasuna eskatu dute, dinamika berriei modu eraginkorrean aurre egiteko.
Bizitzak erdigunean jartzeko unea
Gasteizko auzoetako jai batzordeek uste dute bizitzak erdigunean jartzeko unea dela uste dute eta horregatik hartu dute jaiak modu presentzialean ez antolatzeko erabakia. Argi utzi nahi izan dute honek ez duela jaiak burutuko direnik esan nahi, baizik eta formatu berriak bilatuko dituztela hauek ospatzeko.
Jai batzordeak buru belarri ari dira lanean jaiak modu batean edo bestean ospatu ahal izateko, eta, argi dute bidean zailtasunak aurkituko dituztela datei zein antolakuntza egoerari dagokionez. Baina egoerari aurre egin eta zabaltzen joango diren deialdietara “batzera eta haietaz disfrutatzera” dei egin diete Gasteizko bizilagunei.
Pertsona guztien inplikazioa eskatu duteegoerai aurre egiteko: “Sorkuntza eta irudimen fase berri bati ekingo diogu eta horretarako guztion ekarpena ezinbestekoa da, guztion artean koloreztatuko eta alaituko baititugu auzoak”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!