54 urteko espetxe eskaera sei pertsonarentzat presoen ongi etorriak antolatzea egotzita
Espetxe eskaera AVT biktimen elkarteak egin du eta, horren bidez, presoen ongi-etorriak antolatzeaz akusatutako sei pertsonari bederatzi urteko espetxe zigorra eskatzen zaie. through Argia.eus
Oihana Garmendia, Haimar Altuna, Oihana San Vicente, Carlos Saez de Egilaz, Felipe San Epifanio eta Antton Lopez dira auzipetutako sei pertsonak. Europa Pressek jakinarazi duenez, AVTk leporatzen die 2016 eta 2020 artean euskal preso politikoei egindako 120 ongi etorri antolatzea.
Horregatik, bakoitzarendako sei urteko kartzela zigorra eskatzen du “talde kriminala eratzeagatik” eta beste hiru “terrorismoaren gorazarre eta biktimen aurka egindako etengabeko umiliazioagatik”. AVTren arabera, “Kalera kalera ekimena antolatzen zuten Sortuko Presoen Batzordeko kideak dira akusatuak, eta ongi etorrien funtzioa zen “ETA legitimatzea eta ETAko presoen eta haien ingurukoen kohesioari eustea”.
AVTren esanetan, “ekitaldi hauek oso kaltegarriak dira terrorismoaren biktimentzat”, haiengan eragin psikologiko handia dutelako eta biktimak abandonatuak sentitzen direlako.
Ezker abertzalean presoen sostenguan aritutako erakundeek urte luzez antolatu zituzten presoen ongi etorri ekitaldiak haiek espetxetik ateratzen zirenean. Azken urteetan, aldiz, ongi etorri horiek ez dira publikoak eta egiten direnean era pribatuan egiten dira. Ezker abertzaleak azaldu zuen biktimek senti dezaketen minaren aurrean errespetua erakutsi nahi zuela modu horretan, eta Euskal Herrian gatazkaren konponbideak bizi duen giro berriarekiko keinu bat gehiago zela. Euskal Preso Politikoen Kolektiboak 2021eko azaroan adierazi zuen ulertzen zuela hainbat jendek mina sentitzea ongietorriekin eta, horren ondorioz, kaleko ongi etorriei amaiera emango ziela eta halakok eremu pribatuan eta diskrezioz egingo zirela.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!