40 urte “eder eta borrokalariak” ospatuko dituen Gazte Topagunea aurkeztuko dute Gasteizen
Ostegun honetan “inoizko Topagune bereziena eta ahaztezinena” aurkeztuko dute Gasteizko Jimmy Jazz aretoan. Txema Matanzasen ekitaldiaz gain, Erasoz Erantzun eta Governors taldeen kontzertuak egongo dira. Apirilaren 19tik 22ra luzatuko den zitak “40 urte eder eta borrokalarien” uzta bilduko du.
Apirilaren 19tik 22ra ospatuko da, Ernaik eta Aitzinak antolatutako Gazte Topagunea: “40 urte eder eta borrokalarien uzta bilduz, gazteria independentista, euskaldun, sozialista eta feministon topagune erraldoia”. Lau egunez Lemoako herria “aldarri, borroka, kolore, bizipoz eta doinuz” beteko dutela adierazi dute gazte antolakundeetako kideek.
Askatasun bulkadak independentziara! izango da Topagunearen leloa, “gazteen garaia delako, bulkada berriena”. 40 urteotako borrokaren lekukoa jaso dutela adierazi dute eta herriarenganako “konpromisoz, eskuzabaltasunez eta maitasunez” Euskal Errepublikaren zimenduak eraikitzen ari direla: “Gazteok zerumuga argi daukagu eta hamaika esparrutan sumatzen da bizi-bizirik gaudela: mugimendu feministatik hasi eta euskalgintzara; prekarietatearen aurkako borroketatik hezkuntza propioaren aldeko dinamiketara; sexu askatasunaren aldeko borroketatik, preso, iheslari eta deportatu politikoen kaleratzera”.
“Inoizko Topagune bereziena eta ahaztezinena”
Aurtengo Gazte Topagunea “inoizko bereziena eta ahaztezinena” izango dela ere aipatu dute, Gazte Topaguneak eskaintza anitz eta zabala izango duelako. Hitzaldiak, mahai inguruak, mintegiak, formakuntza tailerrak, kirola eta aisialdirako mugarik gabeko eskaintza prestatu dute. Horrez gain, Euskal Herriko nahiz nazioarteko musika talde desberdinek parte hartuko dute eta oraindik zabaldu ez dituzten beste hainbat kontu ere badituzte esku artean.
Bide batez, Ernaik eta Aitzinak gonbidapena luzatu nahi izan diete 40 urte hauetan Euskal Herriaren “bidelagun” izan direnei eta aurrera begira bidean elkartuko direnei ere bai.
Bonoak salgai daude Arabako eskualde guztietan eta informazio gehiago dago Gazte Topaguneko webgunean.
Aurkezpena Gasteizen
Hau guztia aurkezteko, ekitaldia antolatu dute ostegunean Gasteizko Jimmy Jazz aretoan. Hala ere, hau ez da salbuespena izango eta Euskal Herriko beste hainbat txokotan tankerako aurkezpenak eramango dituzte aurrera. Gainera, orain arte, auzo eta eskualde ezberdinek mendi-irteerak edo bazkariak egin dituzte belaunaldi ezberdinen arteko esperientziak trukatzeko.
Urtarrilaren 31n, Gasteizen, 20:00etan hasiko da jaialdia. Hasteko, Ezker Abertzaleko militantea eta euskal preso politiko ohia den Txema Matanzasek ekitaldia eskainiko du. Ostean, kontzertuak: Erasoz Erantzun eta Governors.
Sarrerak lortzeko, Garraxi tabernan edo jimmyjazzgasteiz.com-en lortu daitezke 5 euroren truke. Egunean bertan, ordea, 7 euro.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!