26 langile kaleratu dituzte Gometeguin, epaitegiak Enplegua Erregulatzeko Espedientea onartuta
Ostiral goizean jaso dute kaleratze-gutuna, laneguna amaitzean. Gainontzeko langileen etorkizuna hartzekodunen konkurtsoaren araberakoa izango da.
Aiaraldea.eus bidez
Talleres Gometeguiko zuzendaritzak aurkeztutako Enplegua Erregulatzeko Espedientea gauzatzea onartu du Gasteizko Merkataritza Epaitegiak. Gaur eman diete kaleratze-gutuna beharginei. “Bajan daudenek oraindik ez dute jaso, baina imajinatzen dugu laster jakinaraziko zaiela”, azaldu dute Laudioko LABeko kideek. “Gainontzeko langileen etorkizuna ekoizpen unitatearekin gertatzen denaren araberakoa izango da”.
Hartzekodunen konkurtsoan sartuta dago Gometegui, eta hiru inbertitzailek azaldu dute “errentagarria den ekoizpen unitatea” erosteko interesa. Baina sindikatuko kideek salatu dute enpresaren egungo zuzendaritza prozesua oztopatzen ari dela. “Behin baino gehiagotan eskatu dugu balizko erosleekin biltzea, eta erantzuna ezezkoa izan da beti. Inbertitzaileetako bat gurekin jarri zen harremanetan, baina bilera fabrika barruan egitea galarazi zigun egungo gerentziak”. Hori dela eta, LABeko kideek uste dute zuzendaritza “zer edo zer ezkutatzen” ari dela, “inbertitzaileetako bati mesede egiteko”.
Sindikalisten kaleratzea
LABek errekurtsoa jarriko du Enplegua Erregulatzeko Espedientearen aurka, kaleratuen artean euren ordezkari sindikala dagoelako eta sindikalistak kaleratzeetatik babestuak egon beharko luketelako. “Prozesua erabat narratsa izan da”, salatu dute.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!