24 orduko greba egingo dute bihar Tubacexeko langileek
"Enpleguaren defentsan" greba egingo dute bihar Aiaraldeako fabriketan. Zuzendaritzak amaitutzat eman du kaleratzeen eta soldata murrizketen negoziazio fasea eta hiru hilabeteko iraupena izango duen aldi baterako enplegu erregulazio espedientea aurkeztu du.
Tubacexeko langileek mobilizatzeari ekingo diote berriz ere, biharko 24 orduko greba iragarri dute. “La Vuelta” txirrindularitza lasterketa Aiaraldeatik igarotzen da bihar eta hori baliatuko dute lan gatazkari ikusgarritasuna emateko.
Urriaren 15ean bertan behera geratu ziren zuzendaritzaren eta enpresa batzordearen arteko negoziaketak, enpresak langileek aurkeztutako neurriak negoziatzeari uko egin ostean. Urriaren 23an, hiru hilabeteko iraupena izango duen aldi baterako enplegu erregulazio espedientea aurkeztu zuen Tubacexek.
Covid-19aren aitzakiapean aurkeztutako ABEEE berri honek, %80ko eragina izango du Tubacexek Aiaraldean dituen hiru fabriketan. Sindikatuen iritziz espediente honekin enpresak “denbora irabazi nahi du soldatak jaitsi eta langileak kaleratzeko planarekin jarraitzeko”.
Orain arte bezala mobilizatzen jarraituko dutela iragarri dute langileek “eskualdeko enpleguaren eta lan-baldintzen defentsan”. Eusko Jaurlaritzari ere zuzendu dira langileak, “enpleguarekiko konpromisoa har dezala” exijitu diote.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!