22.700 sinadura baino gehiago euskal mendien industrializazioa geldiarazteko
Mendiak Aske plataformak hilabete eta erdian bildu ditu sinadura horiek Arkamoko, Iturrietako, Labrazako eta Azazetako zentral eolikoaren aurka. Energia berriztagarrien aldeko apostua berretsi dute, baina ondare naturala errespetatuz.
Jakina da Energiaren Euskal Erakundearen eta Iberdrolaren partaidetza duen Aixeindar enpresak Arabako mendiak industrializatu nahi dituela, besteak beste, Arkamo, Iturrietako Mendiak, Labraza eta Azazetako parke eolikok eraikiz. Hori dela eta, Mendiak Aske plataformatik zenbait mobilizazio burutu dituzte, eta hamaika alegazio aurkeztu. Orain, herritarrek proiektuen aurkako milaka sinadura bildu dituzte.
Mendiak Aske plataformatik salatu nahi izan dute gaur egun ez dagoela energia berriztagarrien lurralde-plan sektorialik eta gogorazi dute duela hamabi urte leku horiek babestearen inguruan adostasun kolektiboa lortu zutela Eusko Legebiltzarrak eta Arabako Foru Aldundiak. 22.700 sinadura horiek zentral eolikoen izapideak berehala eta erabat geldiaraztearen sinonimo direla gehitu dute.
Foru teknikarien txostenak
Arabako Mendiak Aske plataformako lagunek ere gogorazi dute foru-teknikarien txostenak arrazoia ematen diela Aixander enpresak proposatutako kokaleku horiek eragingo lituzketen kalteen atzeraezintasunari dagokionez, bai biodibertsitatea galtzeagatik, bai ondare historiko-arkitektonikoa suntsitzeagatik, bai kultura-paisaiak atzera bueltarik gabe eraldatzeagatik. Horregatik, salatu dute lurraldeko mendiguneetan proposatzen dituzten kokapenek gero eta naturgune gehiago jarriko lituzkela arriskuan.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!