Zorroza Gestión de Residuosek jasotako “zigor biguna” salatzeko mobilizazioa egingo dute maiatzaren 15ean
19:30ean izango da protesta enpresaren aurrean, Murgan. SOS Aiaraldea plataformak egin du deialdia. through Aiaraldea.eus
LAB sindikatuak oharra plazaratu du jakinarazteko batuko dela maiatzaren 15ean Zorroza Gestión de Residuos enpresaren aurrean egingo den mobilizaziora. SOS Aiaraldeak antolatu du protesta salatzeko Bassirou Dioneren heriotza eta aste honetako epaia, zeinean enpresako arduradunek urte eta erdiko espetxe zigorra jaso duten.
Sindikatuak gogoratu du langilea zortzi metroko altueratik amildu ostean gertatutakoa estaltzeko ahalegina egin zutela enpresako arduradunek. “Zorrozako kudeatzaileak langile batzuk behartu zituen Bassirou Dioneren gorpua mugitzera, bere ohiko lanpostura gerturatzeko” azaldu du antolakundeak.
Sindikatuaren arabera, ondoren, mehatxu eta agindu zehatzak eman zizkien langile guztiei: “Badakizue zer esan behar duzuen, ezta? Zintatik erori dela… Zintatik erori dela!”
Hildakoaren senideen egoera prekarioa baliatu
LABen aburuz, heriotzaren ondoriozko epaia biguna izan da enpresako zuzendaritzak akordioa lortu duelako fiskaltza eta akusazio partikularrarekin. Horrez gain, sindikatuaren aburuz, Administrazioak ontzat jo du hori: “Familiaren egoera prekarizatua erabilia izan da dirutruk irtenbide merke bat topatzeko eta horrek prozesuaren larritasuna areagotzen du, zeinetan justiziak berak prekarizazio hori onartu duen azken uneraino”.
Lan esparruko Guantanamoa
Halaber, sindikatuak azpimarratu du azken urteetan enpresa eskubiderik gabeko eremua izan dela beharginentzat, hurrengo baldintzekin:
- Eguneko 10 orduko nahitaezko lanaldiak.
- Enpresak ez dizkie langileei beharrezkoak diren norbera babesteko ekipamendu guztiak ematen.
- Lan-erritmoak oso altuak dira.
- Ez zegoen fitxatzeko sistemarik.
- Langileek ez dute inolako prestakuntzarik jasotzen laneko arriskuen prebentzioaren arloan.
- Langileak haien osasun eta segurtasuna arriskuan jarriz lan egitera behartzen dituzte.
- Enpresako gerentziaren partetik hitzezko tratu txar jarraituak egon dira.
- Eraso fisikoko gertakari bat behintzat egonda.
- Enpresa hainbat lan istripu ezkutatzen ahalegindu da.
- Instalazioen garbitasuna desegokia.
- Soldatak baxuak dira.
Bide batez, LABek erantsi du konpainiaren kudeaketa zalantzan jartzeko modukoa izan dela eta horren adibide izan dela 120.000 euroko isunak jaso dituela hainbat irregulartasun direla medio.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!