Zer egin ahal izango da aurten Gasteizko Txosnetan?
Gasteizko Txosnek aurtengo kartela eta egunez eguneko programazioa aurkeztu dute jada. Ezpalak taldea da 42 kontzertuz osatutako eskaintza musikalaren azken baieztapena. through Alea.eus
Gero eta gertuago daude Gasteizko jaiak, jada bi hilabete pasatxo baino ez baitira falta. Eta jaiekin batera, EHUren Gasteizko Campusera itzuliko dira txosnak. Aurten, jaien egutegi ofizialari egun bat irabazita, abuztuaren 3tik 9ra, ostegunetik asteazkenera bitartean, zazpi festa egun, zazpi txosna, hiru karpa, lau agertoki eta askotariko 42 kontzertu, ikuskizun eta emanaldi izango dira Gasteizko Txosnagunean.
Maiatzean zehar, Gasteizko Txosnetako hiru oholtza nagusietan —agertoki nagusia, Entxosnatu Karpa eta Gazte Karpa— arituko diren musika talde eta DJak plazaratzen joan dira, eta baieztapenak tantaka iritsi dira ekainaren hasierara bitartean.
“Jai herrikoi eta parekideen alde” hainbat hilabetez lan egin ondoren, ostegun honetan aurkeztu dituzte behin-betiko egitaraua, aurtengo kartela eta egunez eguneko programazioa. Askotariko proposamenek osatuko dute aurtengo eskaintza, gustu eta estilo anitzekoak, eta, beti bezala, sorpresaren bat edo beste izango da ere.
Egitarau orokorra aurkeztuta, datorren asteetan zehar kolektiboek antolatutako programazioa zabaltzen joango dira. “Txosna eremua eraikitzeko eta horri bizitza emateko lanean jardun eta jardungo duten pertsona eta kolektibo orori eskerrak” eman dizkiete prentsaurrekoan:
- Askapena
- Errekaleor Bizirik
- Gazte Karpa
- Hala Bedi
- Ikasle Abertzaleak
- Iraultza 1921
- Jardun Koordinadora
- Etxera Karpa (presoen eskubideen aldeko mugimendua)
- Gasteizko Mugimendu Feminista
Nobedade nagusietako bat Entxosnatu, etorri gugana! lelo berria da. Lehen begi-kolpean agian ez du gehiegi esaten, baina txosna batzordeko kideek ALEAri azaldu diotenez, “aurrerago hartuko du zentzua”. Beraz, adi-adi ibili beharko gara datozen asteetan. Gainera, aurtengo kartelean iraganean txosnagunean erabiltzen agertoki zaharrari —Farmazioa fakultatearen atzean kokatuta zegoenari— omenaldia egin diote, gazte askok ez baitute oroitzen.
Azkenik, gogorarazi dute txosnagunean ez dutela “inolako eraso matxista, sexista, homofobo, xenofobo edo arrazistarik” onartuko.
EGITARAUA
TALDEAK ETA DJak
EZPALAK
Ezpalak 2019. urtean Zestoan (Gipuzkoan) sortutako rock musika taldea da. Gero eta presenteago daude Euskal Herriko eszenan, eta orain arte hiru disko argitaratu dituzte: Ezpalak (2019), Kolpatu Topatu (2021) eta Hotz haina hots (2022). Entxosnatu Karpako agertokian eskainiko dute kontzertua.
BELAKO
Txosnaguneko oholtza nagusian izango da Belako Mungiako (Bizkaia) taldea, beren post punk, rock, new wave eta indie soinuekin. Beraien abesti gehienak inglesez badira ere, abesti batzuk euskaraz sortzen dituzte ere.
DUMB BOYS
Hip-hopari eta soinu urbanoei eskainitako kolektibo eta musika talde gasteiztarra Gazte Karpan izango da. Sampleo teknikak eta gitarra elektrikoak haizezko instrumentu akustikoekin uztartzen dituzte, rap eta jazzaren arteko fusio esperimental erakargarria sortuz. 90ko hamarkadako boom bap doinuen, lo-fi soinuaren eta neo-soularen eragin zuzena dute.
AKERBELTZ
15 urte igaro dira Akerbeltz erromeria sortu zenetik. Euskal Herriko txoko ia guztietan jo dute, eta euskal jaietan ezinbestekoa bihurtu dute euren presentzia. Kontzertuz kontzertu haiekin batera dantzatzen eta abesten egon diren pertsona guztiei eskainita aurten ospakizun show berritzailea prestatu dute, sorpresaz betea, abeslari berriarekin eta erromerietan inoiz entzun ez diren doinuekin.
SEÑORES TENSOS
Gazte Karpa sutan jarriko du Señores Tensos Gasteizko punk talde berriak, bere lehen kontzertuak Tuteran (Nafarroan), Gaztetxean eta Hala Bedi Tabernan eman ostean.
ANNEKDOTAS
Gasteizen bizi da Annekdotas nafarra, musika urbanoko artista eta abeslaria. Bera da prozesu guztiaren arduraduna, konposiziotik hasi eta ahotsa eta baseak grabatzeraino, gainerako guztia barne. Musika urbanotik, euskara zein gaztelania erabiliz, “emakumeari laguntzeko” proiektu bat indartzen ari da, bere bizipenak eta pasadizoak abestuz. Zuzenekoetan bere DJ Mozoluren laguntza du, bere baseak jaurtitzeko.
JIMMY DAZZ SESSION (DJ)
Beñat eta Isdeoren eskutik, Jimmy Jazz aretoaren eta Dazz Klubaren artean jaiotako Jimmy Dazz Session Gazte Karpara iritsiko da aurten, jazza eta musika elektronikoa uztartuz.
ALBANY
Lehen aldiz Gasteizko Txosnetan, txosnaguneko oholtza nagusia sutan jartzera iritsiko da Albany abuztuaren 9an, jaien azken egunean. Gironan jaioa, Granadan hazia, eta gaur egun Madrilen bizi da, eta 2015etik dabil Espainiako Estatuko eszena urbano berrian bere lekua hartzen.
LA EXCAVADORA
La Excavadora punk rock talde arabarra 2019ko amaieran sortu zen. Agurainen sortutako musika proiektu honek Txiki (Gatillazo) eta Angelillo (La Polla Records, Rockaina) gitarrak, Pela (Sumision City Blues, Marky Ramone, Victimas Club) abeslaria, Buton (Gatillazo) baxu-jotzailea eta Mikel (Childrain, Vicepresidentes) bateria-jotzailea batu ditu. Lehen aldiz txosnagunean.
SKABIDEAN
Skabidean 2012. urtean Iruñean sorturiko ska, reggae eta rocksteady taldea da, eta oholtza nagusian arituko diren taldeetako bat izango da aurten.
HOFE
Agertoki nagusian izango da Hofe x 4:40, duela bost urte baino gehiagotik Iruñeko underground eszenan jaiotako proiektua. Igotz Mendez abeslariak (Hofe) eta Xabier Lafuente eta Marcos Galech ekoizleek (4:40) osatzen dute, musika elektronikoak markatuta eta trap, new wave edo synth pop estiloetako musika generoen eraginpean.
EZTA ILEN
2020an Zaldibar (Bizkaia) herrian hirukote moduan sortu zen Ezta Ilen taldea. Post punkaren aldaera hibridoa egiten dute, eta izen bereko lehenengo diskoa aurkezten ari dira orain. Besteak beste, Gazte Karpako agertokian izango dira Gasteizko jaietan.
APOLO G’S
Zaramaga auzotik, Entxosnatu Karpako oholtza nagusian izango da Apolo G’s, rap abeslariak, produktoreak eta ikus-entzunezko ekoizleak biltzen dituen rap kolektibo gasteiztarra: Krd’Krudo, BRN, Larri Larson, Kemena, JLM Beats eta Urtzi. Duela gutxi, kanala itxiarazi zien YouTubek. Hona hemen beren lanetako bat:
EIRE
Gazte Karpan arituko diren taldeetako bat da Eire. Ahots berria euskal musikaren eszenan. Hiru kantarekin berehalako oihartzuna lortu du Eire Salegik (Zarautz, 2002) eta Eire Maiak (Zumaia, 2002) osatutako bikoteak. Apirilaren 6an, Elorrioko Gazte Topagunean, bere lehenengo kontzertua eskaini zuen.
ERASOZ ERANTZUN
Erasoz Erantzun musika talde amurrioarrak kaleratu berri duen Azken arnasetik berpizkundera diskoa aurkeztuko du Entxosnatu Karpako oholtza gainean.
TXOPET
Gazte Karpako kontzertuen artean izango da Txopet hirukote bilbotarra. 2022ko Gaztea Maketa Lehiaketaren irabazlea. Melodiari begirako popa egiten dute nagusiki, baina zuzenekoetan “askoz ere zikinagoak” dira. Ez diete soinu berriei uko egiten, autotunea erabiltzeko beldurrik gabe, eta atmosfera desberdinak bilatzen dituzte. Kontzertu batean musika mota asko nabaritzen dira.
STR
Entxosnatu Karpan izango diren taldeen artean dago STR taldea, Laukatu eta Revolta Permanent talde ezagunetako kideek osatuta. Azken urteotan fenomeno global bihurtu den musika urbanoa Euskal Herrian ere finkatzen laguntzen ari den proiektuetako bat. Euskal Eskola Publikoaren 30. Jaiaren kanta egin dute aurten.
PINEAPPLE SWEETS (DJ)
Gazte Karpako gauetan arituko diren DJen artean, Gasteizko Pinneaple Sweets binilo jartzaile hirukote berria izango da. Punk, rock eta oi! soinuak hautatzen dituzte nagusiki.
MALANDRO (DJ)
Aurkezpenik behar ez duen gasteiztarra: DJ Malandro. Malandrismoa ardatz eta Parranda & Bitzio lelopean, beste urte batez Entxosnatu Karpa dantzan jartzen arituko da.
MIRAVALLES (DJ)
Gazte Karpan izango da aurten Miravalles. Bilboko Encarta klubean hasi zenetik, hiriko kluben eszenaren berpizkundearen arduradunetako bat da. Bere saioetan erritmo industrialetatik soinu latinoetara entzuten dira, hip-hop eta esperimentazio elektronikotik igarota. Bere begirada poliedrikoari esker, etorkizun oparoena duten Euskal Herriko hautatzaileen artean dago.
JUANTXO SKALARI & LA RUDE BAND
Iruñetik, Juantxo Skalari, Skalariak talde klasikoaren arima, La Rude Band taldeak lagunduta. Skalariak eta The Klubaren klasikoak eta ska eta reggae abesti propioak eramango dituzte txosnaguneko oholtza nagusira. 2020an Root Market hirugarren diskoa aurkeztu zuten.
TOC
Zazpi urte igaro dira Mungiako (Bizkaia) rock boskoteak 2016an lehen urratsak eman zituenetik. Aurten Gazte Karpako agertokian izango dira.
YNGRYD (DJ)
Ingrid Celis Yngryd, txiletar jatorrikoa, baina gazte-gaztetatik Gasteizen finkatua. 2014an Jimmy Jazz aretoan hasi zen ekitaldiak antolatzen, eta gaur egun Euskal Herriko techno underground eszenako izen nabarmenetako bat da. Bere soinu elektronikoekin lehen aldiz astinduko du Entxosnatu Karpa.
MERINA GRIS
Merina Gris 2020. urtean Donostian (Gipuzkoa) sortutako taldea da. “Pop zakarra” jorratzen dute, sintetizadore efektu indartsuz lagundurik. Lehen aldiz izango dira Gasteizko txosnagunean.
VIBORA
Gasteizko emotional hardcore taldea, 2018an sortutakoa. SINCVRV (2019) debut albumaren, Flor de Maíz (2021) singlearen eta Botánica (2021) EParen ostean, Pena (2022) EPa argitaratu zuen taldeak, Madrilgo Crossed hardcore taldearekin batera egindako split diskoa. Nazioarteko zein bertako dozenaka areto astindu ondoren, Entxosnatu Karpan izango dira aurten.
XERULA (DJ)
Gazte Karpako gauak berotuko dituzten DJetako bat izango da Xerula.
NEGRA CUCARACHA
Folk amerikarra eta horrorpunk zikin eta bizkorra uztartuz atmosfera apokaliptikoa garatzen duen Arabako terrorfolk laukotea. Gasteizko Txosnen banda lehiaketaren aurtengo irabazleak dira.
KOMADÜ (DJ)
Dub Stepa DJa Gazte Karpako gaua berotzen izango da.
ROSA MARI (DJ)
Lehen aldiz Entxosnatu Karpan izango dira gerriak astintzeko. Mamarratxeo eta tekno pornoa herriarentzat. Goxo eta gaizto.
LAMIA MARI
Gazte Karpan dantzan jarriko du DJ donostiarrak.
LOS CHIKOS DEL MAIZ
Los Chikos Del Maiz Valentziako rap talde politiko eta soziala da, El Negak (Ricardo Romero) eta Tony El Suciok (Toni Mejias) osatua. 2004an sortu zen, eta Espainiako Estatuko rap politikoaren erreferente nagusietako bat da. Une honetan Yes Future disko berria aurkezten ari dira, areto gehienetan sarrera guztiak agortuta.
DJ PEZON (DJ)
Aurten ere Entxosnatu Karpa dantzan jartzera dator musika jartzaileen bikotea.
TROPA DO CARALLO
Lehen aldiz txosnaguneko oholtza nagusian, Aguraindik iritsiko da Tropa Do Carallo, Evaristo Paramos erraldoiaren punk talde berria.
KOLPEKA
Mundu osoan ospetsu den Gernika hiritik dator Kolpeka, kontzertu bakoitzean beren hardcore soinuekin ipurdia ostikatzera eta punka oraindik ez dela hil gogoraraztera ateratzen diren lau gaztez osatutako talde berria.
BITSA JAIA
Klasikoetan klasikoena ezin da falta. Urtero Entxosnatu karpan dagoen bitsa jaia.
BULEGO
Azkoitian (Gipuzkoa) 2019. urtean sortutako pop estiloko musika taldea. Lehen aldiz Gasteizko txosnagunean, agertoki nagusian.
GORA ETORRI
Hemendik At bizi ezaren nostalgiak bultzaturik sortutako taldea. Agrodancea Euskal Herrian zehar zabaltzeko prest.
BALZA (DJ)
20 urte baino gehiago dira anaiarekin batera lehen ekipoa erosi zutenetik. Euskal Herriko klub, sala eta taberna askotatik igaro da. 2015ean, beste bi lagunekin, Haus Of Beats irratsaioa sortu zuten. Nahiz eta bere burua House DJ bezela definitzen duen, ambient/downtempoan hasi eta technoraino zabaltzen dira berak pintxatzen dituen doinuak.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!