Zabaleko Eskola itxi nahi dutela salatu dute eta sinadura bilketa abiatu dute horren aurka
Zabaleko Bizirik plataforma sortu dute, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak atzera egin dezan eta erabakia bertan behera gera dadin. through Aiaraldea.eus
Zabaleko Bizirik plataformak jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak adierazi ziola maiatzaren 20an Mendiko Ikastetxea eta Zabaleko Ikastetxeak batu nahi dituela.
Sortu berri duten plataformak salatu du horrek suposatuko duela San Jose auzunean kokatuta dagoen eskolaren itxiera eta Amurrion zentro publiko bakarra geratzea Lehen Hezkuntza ikasteko.
62 urteko historia
Zabaleko Bizirik plataformak kritikatu du Eusko Jaurlaritzaren asmoak amaitutzat joko duela 62 urteko historia. Euren ustez, eskola San Jose auzunean errotuta dago eta elkarlana proposatzen du bertakoen, hezkuntza komunitatearen eta baita etorri berrien artean ere: “Zabaleko Eskola, Euskal Eskola Txikien Sareko partaide dena, desagertu egingo litzateke. Amurriok ikastetxe publiko bakarra izango luke familia guztiak hartzeko. Bat egite honen ondorioz, gure Eskola Txikiaren eredua desagertuko litzateke; Adinen arteko aniztasuna, Amurrion errotua, publikoa eta euskalduna”.
Horrez gain, plataformak azpimarratu du lan enpleguaren suntsiketa eta prekarazioa ekarriko dituela bi ikastetxeen baturak.
Mobilizazioak
Eusko Jaurlaritzak erabakia egikaritu ez dezan, Zabaleko Bizirik plataformak mobilizazioak iragarri ditu, eta baita jai-ekintzak ere. Gainera, elkartasuna jasotzeko deia zabaldu dute: “Euskal Herriko guraso elkarteei, eragile sozial eta politikoei, sindikatuei eta hezkuntza proiektu hau babestu nahi duten norbanako guztiei dei egin nahi diegu. Bat-bateko eta adostu gabeko erabaki honen aurrean, zuen guztien babesa eskatzera gatoz”.
Gauzak horrela, Internet bidezko sinadura bilketa abiatu dute jadanik.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!