Urruñan bizitzeko aukera izango du Igor Uriarte gasteiztarrak
Igor Uriarte preso ohi gasteiztarra 2020ko urrian atxilotu zuten Urruñan, Frantziako lurraldean egotea debekatzeko agindu batengatik. Orain, lurralde debeku hori bertan behera uztea erabaki du Parisko Auzitegi Korrekzionalak. through Alea.eus
2020ko urriaren 6an, Frantziako Poliziak Igor Uriarte Lopez de Vicuña Txopo preso ohi gasteiztarra atxilotu zuen Zirburun (Lapurdi), errepide kontrol batean, Frantziako lurraldean egotea debekatzeko agindu baten ondorioz. Handik bi egunera aske gelditu zen, baina Urruñara itzultzeko edo Ipar Euskal Herrian bizitzeko aukera ukatu zion epaileak, eta Gasteizera itzuli zen Uriarte.
Naiz hedabideak argitaratu duenez, Parisko Auzitegi Korrekzionalak Uriarte epaitu du, eta, Fiskaltza Antiterroristarekin batera, lurralde debekua kentzearen alde agertu da. Uriarteren abokatu Maritxu Paulus-Basurcok “zinez urrats garrantzitsua” dela adierazi du NAIZen. Oraindik ebazpena gauzatzeko izapideak egin behar ditu auzitegiak, baina gutxi barru Urruñara itzuli ahal izango da; “hilabete baten buruan edo”, abokatuaren arabera.
Aurrera begira, irailaren 21ean, Uriarteren defentsak eskatuko du zigorra bertan behera uzteko, lurralde debekua ez errespetatzeagatik Baionako epaitegian egingo dioten epaiketan. Hala ere, irailera bitartean Urruñara itzultzeko aukera izango du gasteiztarrak.
Gainera, lehen aldia da Fiskaltza Antiterrorista preso ohi bati lurralde debekua kentzearen alde azaldu dela, bere lan eta familia egoera aintzat hartuta. Horrek aurrekari bat ezarri dezake aurrerantzean, Uriarteren antzeko egoera batean dauden presoentzat.
Preso ohia
Uriarte Urruñan bizi izan da azken urteetan, nekazari lanetan bere ustiategi propioan. Aurretik, 2013an atxilotu zuen Frantziako Poliziak, eta, bost urtez hainbat espetxetan preso egon ostean, 2018ko martxoan aske gelditu zen. 2017ko irailean epaitu zuten Uriarte, beste bost presorekin batera, ETAko kide izateagatik; sei urteko espetxe zigorra ezarri zioten.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!