Urrats bat aurrera Arabako metalaren sektorearen borrokan
ELA, CCOO eta LAB sindikatuek plataforma bateratua sortu dute Arabako metalaren sektorean hitzarmen duina lortzeko helburuarekin. Bederatzi eskakizun zehatz adostu ostean, SEA patronalari helarazi dizkiote gaur, negoziatzera bultzatzeko. through Alea.eus
ELA, CCOO eta LAB sindikatuen protesta SEAren egoitzaren aurrean. / Argazkia: LAB
Metalaren sektorean 25.000 langile baino gehiago daude Araban, eta ELA, CCOO eta LAB sindikatuek “benetako blokeoa” bizitzen ari dela salatu dute: “Hiru urte luzez sektoreko hitzarmena negoziatzen ari gara, baina patronalak prozesua geldiarazi egin du. Bilerak joan, bilerak etorri, patronala ez da mugitzen; aurrerapausoak geroratu egiten ditu beti, bere enpresa kideek ez dutelako aurrera egiterik nahi”.
Blokeo horrekin batera, sektoreko arazoak pilatzen ari direla ohartarazi dute: “Bizimodu gero eta garestiagoari aurre egiteko beste ez diren soldatak, lanaldi oso luzeak eta malgutasun handia, iruzurra kontratuetan, behin-behineko enplegu gehiegi, prekaritatea —are handiagoa azpikontratetan eta ABLEEen bidez ari diren pertsonengan—, emakumeen diskriminazioa sektore oso maskulinizatuan, lan istripu mordoa —urtean ia 2.000 gertatzen dira—, egungo egoerari egokitu gabeko baimenak…”.
Bederatzi eskakizun
Egoera horren aurrean, ELA, CCOO eta LAB sindikatuek —sektorearen ordezkaritza sindikalaren gehiengo zabala— “urrats bat aurrera” egitea erabaki dute, eta, “kultura sindikal ezberdinetakoak izanik ere”, ados jarri dira “Arabako metalgileei alternatiba bat eskaintzeko”.
Horretarako, hiru sindikatuek lan hitzarmen bat lortzeko plataforma bat eratzea, urrats bateratuak egitea eta urtarriletik aurrera mobilizazio dinamika berri bati ekitea adostu dute, bederatzi eskari zehatzekin:
- KPIz gaindiko soldata igoerak: gutxieneko soldata 1.400 euro
- Lanaldiaren taxuzko murrizketa
- Azpikontratetako langileen subrogazioa
- Kontratuetako iruzurren kontrako neurriak
- Behin-behinekotasuna eta malgutasuna mugatzea
- Benetako berdintasuna lortzeko neurriak
- Lan osasuna bermatzeko neurriak
- Baimenetan eta beste lan baldintza batzuetan hobekuntzak, pertsonak erdigunean kokatzeko
- Hitzarmena aplikatzeko bermeak: aurreraeragina, aldebakarreko inaplikazioa galarazi eta lehentasunezko aplikagarritasuna eman
Blokeoa amaitu ezean, grebak
Hiru sindikatuen plataforma bateratua gaur, abenduaren 21ean, aurkeztu diote SEAri, patronalaren egoitzaren aurrean egindako elkarretaratzearekin batera. Urtarrilaren 10eko astean negoziazio mahaia biltzeko dei egin diote, “erantzun bat eman dezan”.
Gainera, “lan baldintza duinen aldeko” mobilizazio dinamika horretan parte hartzera dei egin diete langileei eta beste sindikatuei, baita beste sektore eta eragile sozialei ere.
Azkenik, “egungo blokeoa amaitu ez eta sektoreko langileen arazoei erantzunik ematen ez bazaie”, Arabako metalean lanuzte eta grebak hasiko direla ohartarazi dute.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!