Urduñako Espetxean hil ziren presoen senideen bila ari da Jaurlaritza Extremaduran, identifikazio genetikoa egiteko
Eusko Jaurlaritzaren memoria arloko ordezkaritza bat Urduñako espetxean hildako presoen senideen bila ari da Extremaduran, herriko hilerritik ateratako gorpuzkien identifikazio genetikoa egiteko. Larunbatean aurkeztuko ditu orain arte egindako lanak Castueran (Badajoz). through Aiaraldea.eus | Jone Gartzia Gerra
Eusko Jaurlaritzaren memoria arloko ordezkaritza bat Extremaduran ari da Urduñako Espetxe Zentralean hildako zenbait presoen senideen bila, DNA probak egin eta gorpuzkien identifikazio genetikoa burutzeko. Izan ere, dokumentazio historikoaren arabera, 1937-1941 bitartean Urduñako Espetxean hil ziren 225 presoetatik gehienak extremadurarrak ziren (127), eta Castuerako (Badajoz) espetxetik eraman zituzten hirira. Gainerakoak Gaztela-Mantxakoak (41) eta Malagakoak (22) ziren.
Orain arte bi indusketa-kanpaina egin dituzte Urduñan, 2014 eta 2022an. Lanak Castuerako Udalarekin elkarlanean egin dituzte, Aranzadi Zientzia Elkartearekin sinatutako hitzarmenaren bitartez eta Eusko Jaurlaritzaren Gerra Zibileko desagertuen bilaketa programaren barruan. Horri esker, 71 pertsonaren gorpuzkiak desobiratu dituzte, eta hauek identifikatzea da oraingo erronka. Gogora Institutua arduratzen ari da biktimak identifikatzeko lanak koordinatzeaz eta dagoeneko 41 familiarekin kudeatu du DNA lagina hartzeko prozedura.
Iragan abenduan egindako indusketetan 53 pertsonen gorpuzkiak aurkitu zituzten, herritarren inplikazioari eta auzolanari esker. Udalak adierazi zuenaren arabera, senideei itzultzen saiatuko dira eta, horretarako aukerarik ez dagoen kasuetan, Duintasunaren Kolunbarioan utziko dituzte gorpuzkiak.
Eusko Jaurlaritza Extremaduran
DNA eman dezaketen ahalik eta senide gehienekin harremanetan jartzea da Eusko Jaurlaritzak Castuerara egindako bidaiaren helburua. Horrez gain, orain arte egindako desobiratze-lanen berri eman nahi diete komunikabideei, memoria historikoko elkarteei eta biktimen senitartekoei. Aurkezpena larunbat honetan egingo dute, urtarrilaren 28an, Castuerako Turroi Museoan, 11:00etan.
Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua izango da ekitaldiaren buru eta, horrez gain, Jose Antonio Rodriguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordea eta Aintzane Ezenarro Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria bertaratuko dira, Extremadurako ordezkariekin batera.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!