Udaltzain batek lepotik heldu zuela salatu du herritar batek, ustez pegatina bat jartzeagatik, eta udalak esan du hori gezurra dela
Apirilaren 27an jazo zen gertakaria. Herritar batek salatu du Bizkaia Aparkalekuan zegoenean, udaltzain batek lepotik heldu eta giltza eginda menderatzen saiatu zuela, pegatina bat jartzeaz akusatuta. Gaiaz galdetuta, bestelako bertsioa eman du udalak, herritarrak esandakoa gezurra dela argudiatuta. through Aiaraldea.eus
Eskualdeko herritar batek salatu du iragan apirilaren 23an Laudioko udaltzain batek lepotik heldu eta menderatzen saiatu zela, borroka kiroletako giltza baliatuta: “Ez zidan ezer esan, ez geldirik egoteko, ez ezer. Bat-batean, atzetik agertu eta lepotik heldu ninduen. Ihes egin nuen eta eskuetatik heltzen saiatu zenean, berriro eskapatu nintzen eta eskatu nion lasaitzeko”.
Antza, poliziarentzat iraingarria zen pegatina bat jartzea leporatu zion udaltzainak herritarrari. “Komisaldegira joango ginela esan zidan eta berarekin eztabaidatzen saiatu nintzen, baina polizia oso urduri zegoen, eskua altxatu eta isiltzeko ohiukatu zidan. Inguruetan zegoen jendea harrituta geratu zen”.
Hori guztia Bizkaia Aparkalekuan gertatu zen, Lamuza Parkearen eta Zumalakarregi etorbidearen artean. Bertatik jaitsi eta gero, herritarrak eta udaltzainak beste bi poliziarekin egin zuten topo eta azaldu zioten pertsona batek salatu zuela pegatina kalean eransteagatik. Bere datuak hartu eta ikertuko zutela jakinarazi zioten.
Herritarrak nabarmendu du “guztiz neurrigabea dela norbait lepotik heltzea pegatina bat dela medio”. Halaber, herritarrak adierazi du udaltzainei gertatutakoa han bertan argitzeko eskatu ziela: “Nik bi aldiz esan nien nire arropa miatzeko, ikus zezaten ez nuela inolako pegatinarik, baina ez zuten nahi izan”.
Udalaren adierazpenak
Udalak oso bestelako bertsioa eman du gertatutakoaren inguruan. Tokiko erakundearen arabera, Juanje Merchan zinegotzia izan zen herritarrari arreta deitu ziona pegatinak jartzeagatik, eta honek irainka erantzun zion. Orduan jo zuen ordezkari politikoak poliziarengana. “Gertatutako segurtasun kamarek grabatu zuten, eta ez da egia udaltzain batek lepotik heldu ziola”. Herritarrak identifikatzeari uko egin ziola eta jarrera arbuiagarria izan zuela nabarmendu du udalak.
Isunak
Tokiko erakundeak baieztatu du herritarrari bi isun jarri zizkiotela, orozkoarra zelako. “Alarma egoeran pronbintziaz aldatzeagatik jarri zitzaion zigorretako bat, eta Laudiora eremu gorrian egonda sartzeagatik bestea”. Horrez gain, udalak jakinarazi du balitekeela beste isun bat ere jasotzea, pegatinak jartzerako orduan udalerrian indarrean dagoen garbiketa ordenantza urratu zuelako.
Pegatina
Antza, herritarrari egotzi zioten udaltzaingoaren kontrako pegatina eranstea. Zehazki, Gasteizko Cosmic Tentacles Studioaren diseinua da pegatina horren jatorria, Arabako hiriburuko udalak salatutakoa:
Norbaitek irudia moldatu, Laudioko Udalaren armarria txertatu, eta pegatinak sortu ditu Laudion:
Udalak aipatu du Udaltzainak nahiko gogaituta daudela pegatina horren agerpenagatik.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!