Tentsio uneak bizi izan dira grebalarien eta poliziaren artean Aiala Vidrio enpresan
Bulegoko beharginak lantegira bertaratu direnean, grebalariak sarreran jarri dira eta horrek tentsioa sortu du.
Astearte gauean abiatu zuten Aiala Vidrioko langileek greba lan hitzarmenaren alde. Sindikatuek jakinarazi dute protestak erabateko jarraipena lortu duela.
Berez, hainbat behargin batu dira asteazkenean lantegiko sarreran eta 09:00ak aldera, bulegoko langileak sartzeko saiakera egin dutenean, sortu da gatazka.
Grebalariak atean jarri dira eta autoen zein lanuztea jarraitzen ari ez direnen ibilbidea oztopatu dute. Horren ondorioz, zuzendaritzak poliziari deitu dio eta hiru patruila bertaratu dira.
Sindikatuek adierazi dute tentsio uneak bizi izan direla poliziaren agerpenarekin. Izan ere, ertzainek azaldu dute sarrera ezin zela oztopatu. Langile ordezkariek ziurtatu dute poliziek grebalariak mehatxatu dituztela eta horiek, aldi berean, oihuka exijitu dietela joateko eta bakean uzteko.
Azkenean, egoera baretu da eta bulegoko langileek aurrera egin dute. Horren ostean, Ertzaintza joan da eta dena lasaitu da.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!