Tara eta Lumi taldeekin bueltatuko da Muinoko Hotsak Gaztetxera
2018.urtea amaitzen ari den honetan, Muinoko Hotsak jaialdiak ez du etenik. Hala Bedik eta Gasteizko Gaztetxeak elkarlanean ekoizten duten festibal honek edizio berri bat ospatuko du datorren ostiralean, azaroaren 16an. Ohikoa den legez, Arabako talde batek eta Euskal Herriko beste batek osatzen dute kartela: Tara eta Lumi.
2015ean Gasteizen sortutako taldea dugu Tara. Soinu ilun eta rockeroak lantzen dituzte, une melodikoak tartekatuta eta hitzetan istorio personal zein sozialak ukituz. Nagore Montoya (ahotsa, pianoa eta zeharkako txirula), Josu Andueza (baxua), Miquel Rius (bateria) eta Sergio Garcia (kitarra) dira taldekideak.
Pop elektronikoa egiten duen bikotea da Lumi. Nahia Zubeldia, Unama eta Sohano taldeetan aritu da; Manu Matthysek, aldiz, Odei izeneko proiektu elektronikoa eramaten du hiru lagunekin batera. Bi mundu uztartzen dira beraz proiektu huntan, eta emaitza pop elektroniko atmosferikoa dugu.
Punk-rock musika urtea amaitzeko.
Abenduaren 14an, urtea amaitzeko jaialdiak punk-rock zaporea izango du. D-Tox taldeak Demolición diskoaren aurkezpen bira amaituko du asteburu horretan, ondoren atseden hartzeko. Beraiekin, Bartzelonako Paüra taldea izango da oholtza gainean, nazioartetik etorriko den lehen taldea izanik hauek.
Sarrerak Hala Bedi Tabernan daude salgai: saio bakoitzeko, 5 euro.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!