Sergio Zaballa (Tubacex): “Lantegia arriskuan jartzen duten bakarrak beraiek dira”
Kaleratzeak exekutatuta ere, greban jarraitzen dute Tubacexeko ekoizpenetako langile guztiek.
Greba hasi zenetik, gaur duela 77 egun, ez da pieza bakar bat ere atera Tubacexek Aiaraldean daukan lantegitik. Ekoizpenetako langileek greban jarraitzen dute, 129 kideren kaleratzeak sahiestu nahiean. Joan den ostegunean exekutatu ziren kaleratze horiek, baina horrek ez du grebalarien asmoa aldatu, diotenez “greban jarraituko dute langile guztiak lanera itzuli arte”.
Aurreko ostiralean amaitu zen Aiaraldetik Gasteiza ekarri zituen martxa, eta ongi etorri beroa egin zieten Gasteizen Tubacexeko langileei. Beroa bai elkartasun keinu ugari jaso zituztelako kaleetan, eta baita ertzaintzaren oldarraldien ondorioz ere. Tubacexeko kide batzuk legebiltzarrera sartzekoak zirenean eta gainerako langileak kanpoan elkarretaratzea egiten ari zirela, ertzaintza manifestarien aurka oldartu zen, bideo honetan ikusi daitekeen bezala.
Tubacexeko zuzendaritzak gainera, greban dauden langileak “mehatxatu” ditu, esanez grebak arriskuan jartzen duela lantegi osoaren etorkizuna, kaleratu nahi dituzten 129 langileetaz aparte ere. Horren aurrean, langileek batasunean oinarritutako erantzuna eman diete, “denak ala inor ez” esan diete zuzendaritzako kideei.
Sergio Zaballa Tubacexeko kidearekin hitz egin dugu gaur, eta berak azaldu digu zein den orain egoera. Kaleratzeak exekutatu izana, Legebiltzarrera bisita eta ertzaintzaren oldarraldia, enpresaren mehatxuak, Arantxa Tapiaren hitzak arazo estrukturala dela esanez… Hauek eta beste batzuk aipatu dizkigu Zaballak.
Hemen entzungai.
-
Hizpidea: Sergio Zaballa (Tubacex): "Lantegia arriskuan jartzen duten bakarrak beraiek dira"00:11:22
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!