Proposamen berria luzatu die Tubacexeko zuzendaritzak langileei, baina uko egin dio langileak berronartzeari
Ostiralean 100 egun beteko dituzte Aiaraldeko langileek greba mugagabean. Mobilizazioa egingo dute 12:00etan Laudion. through Aiaraldea.eus
Gutun irekia bidali die Jesus Esmorisek Tubacexeko langileei. Orain arte zuzendaritzak esandakoa errepikatu du multinazionaleko kontseilari delegatuak. Alde batetik, aipatu du Tubacexek bizi duen “gatazka sozialak” petrolio eta gasaren sektoreko “krisi estrukturalean” duela jatorria, eta horrek derrigortu diela Tubacex taldeko lantegi askoen “tamaina eta kostea” moldatzera.
Grebak kalte ekonomiko, komertzial zein industrial larria sortzen ari dela nabarmendu du Esmorisek, eta berau luzatzeak “lantegientzako ondorio konponezinak” eragingo dituela.
Hala ere, Esmorisek ziurtatu du ez dutela enpresa deslokalizatzeko edota langileei murrizketak ezartzeko inolako asmorik, Aiaraldeko lantegietan 100 milioi euro baino gehiago inbertitu dituztela nabarmenduta. Baina, era berean, gaineratu du orain dagoen “egoera kontrolaezinak” arriskuan jarri dezakeela zuzendaritzak eskualdeko fabrikekiko hartutako konpromisoa.
Kontseilari delegatuak Enpresa Batzordearen gain jarri du gertatutakoaren gaineko ardura, zuzendaritzak lan baldintzak murrizteko eskaintza egin zuela argudiatuta, modu horretan kaleratzeak ekiditeko. “Ordezkari sindikalak ez ziren inoiz iritsi alde horretatik proposamen bat egitera”, azaldu du enpresako buruak.
Jesus Esmoris kontseilari delegatuak esan du “ez dela bideragarria” langileen kostuak handitzea
Proposamena
Gutunarekin batera, proposamen bat luzatu die zuzendariak langileei. Alde batetik, kaleratutako langileei kalte-ordaina handitzea planteatu du. Era berean, hurrengo 2 urteetan barne promozio bidez betetzen ez diren lanpostuen %50a kaleratutako langileei eskaintzea proposatzen du. Dena den, enpresa izango litzateke kasu horretan nor kontratatu eta nor erabakiko lukeena, eta lan-baldintzak “indibidualki” negoziatuko lirateke.
Horrez gain, “lan hitzarmeneko oinarrizko baldintzak” 2024. urtera arte mantentzeko konpromisoa hartzen du Esmorisek. Idatzizko proposamenaren arabera, orain dauden lanpostuak mantentzeko konpromisoa hartuko luke multinazionalak datozen hiru urteetarako. Hala ere, kontseilari delegatuak argi utzi du ez lukeela lan-hitzarmenean jasotzen dena ehuneko ehunean beteko, urte amaierarako aurreikusten den soldata igoera bertan behera geratuko litzatekeelako, adibidez.
Era berean, Esmorisek uko egin dio kaleratutako langileak berriz onartzeari, “langileen kostuak handitzea” ezinezkoa dela argudiatuta.
Iraungitze-data
Proposamenak iraungitze-data duela nabarmendu du Esmorisek. Honakoa eskatu die kontseilari delegatuak langileei: lanera maiatzaren 31a baino lehen itzultzea, greba bertan behera utzita. “Hori egin ezean, ezingo da proposamena bermatu”.
100 egun greban
Ostiralean 100 egun beteko dira Tubacexeko langileek greba mugagabea hasi zutenetik. Enpresa Batzordeak mobilizazioa egingo du egun horretan, 12:00etan Laudioko lantegiaren sarreratik abiatuta.
Aldaketak zuzendaritzan
Tubacexeko zuzendaritzak langileei bidalitako gutunak bat egin du denboran enpresari lotutako beste albiste batekin. Zenbait hedabidek aurreratu dutenez, Alvaro Videgainek multinazionaleko presidente izateari utziko dio laster, postu horretan 28 urte egon ostean. Francisco Garcia Sanzek hartuko du bere lekukoa, Volkswagen presidenteorde ohiak. Aurreikuspenen arabera, ekainaren amaieran emango da aldaketa, akziodunen batzarra egiten denean.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!