Milaka lagun atera dira kalera Aiaraldea egoera sozioekonomiko larrian dagoela salatzeko
Eskualdeko eragile ugarik deitutako manifestazioak 2.000 herritar inguru batu ditu Laudioko Herriko plazan. Ekonomia eta gizarteko esparru anitzak elkartu dira mobilizazioan eta herrigunea bete dute. through Aiaraldea.eus
Modu arrakastatsuan hasi da Aiaraldeko gehiengo sindikalak, hainbat sektore ekonomikok eta mugimenduk antolatutako mobilizazio eguna. Izan ere, 10:30etatik aurrera enpresa eta esparru ugariko herritarrak hasi dira elkartzen Laudioko Herriko plazan: langile batzordeak, mugimendu feminista, pentsiodunak, Zabaleko Eskolako kideak… Bakoitzak bere pankarta eta aldarrikapen propioak eraman ditu.
Berez, 10:00etatik 14:00ak arteko lanuztea egin da hainbat tokitan. Baina, horrez gain, manifestazioa antolatu da goizean Laudion eta arratsaldean, ordea, Amurrion izango da hitzordua.
11:00etan hasi da mobilizazioa eta herriko kale nagusiak bete ditu. Ostalari eta merkatari gehienek itxi dituzte negozioak manifestazioan parte hartzeko. Herritarrek berriro hartu dute plaza amaiera ekitaldian.
Hizlariek aldarrikatu dute aiaraldearrak ez direla zenbaki hutsak eta, aldiz, jendez osatutako komunitatea dela eskualdekoa. Halaber, azpimarratu dute guztien lanpostuak defendatu beharra dagoela, historikoki egin den moduan, eta horretarako gizarteko sektore guztien batura aldarrikatu dute. Gogor salatu dute erakunde publikoen jarrera gertatzen ari den prekarizazio prozesuaren aurrean eta aipatu dute arduradun politiko zein ekonomiko batzuk Aiaraldekoak direla.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!