Laudioko larrialdietan berriro medikurik ez dagoela salatu dute
ESK sindikatuak publiko egin du Laudioko Etengabeko Arreta Gunean ez dagoela medikurik eta ez dakitela noiz arte luzatuko den egoera. through Aiaraldea.eus
ESK sindikatuak Galdakaoko OSIko zuzendaritzaren dimisioa exijitu du Laudioko Etengabeko Arreta Gunean medikurik ez dagoelako. Antolakundeak adierazi du arduradunek bazutela horren berri eta ez dutela ezer egin konpontzeko.
Zehazki, sindikatuak azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari ez dutela sendagile titularraren ordezkorik bilatu. Halaber, ESKk ez daki noiz aldatuko den egungo egoera.
Etengabeko Arreta Guneko langile bat ere jarri da Aiaraldea Komunikabidearekin harremanetan. Honek azaldu du medikuak astelehenean jakinarazi zuela ondoezik zegoela, eta ordutik hona Osakidetzak ez duela ordezkorik bilatu. Nabarmendu dutenez, langileak Udalarekin jarri dira harremanetan, “jada nahiko nekatuta” daudelako egoerarekin.
Gogoratu beharra dago urtarrilaren hasieran 42 urteko laudioar bat hil zela anbulatorioko Etengabeko Arreta Gunean mediku batek artatu gabe. Horrek mobilizazioak eragin ditu eskualdean, azkena iragan otsailaren 29an.
Aiaraldeko alkateen bilera
Hain zuzen, Laudioko Udalak iragarri du hurrengo asteazkenean, martxoaren 20an, eskualdeko alkateen bilera egingo dutela osasun zerbitzuari buruz mintzatzeko eta erantzun instituzionala koordinatzeko.
Ekimena iragarri zuten duela aste batzuk, Gotzone Sagardui Osasun Sailburuarekin izandako bilerak “emaitza positiborik gabe” amaitu ostean.
Halaber, Tokiko Osasun Zentroarekin elkarlana bultzatzeko eta koordinazioa sustatzeko, herriko zein Amurrioko larrialdietako langileekin biltzen hasi da Laudioko Udala. Datozen asteetan beste bilera bat izango du tokiko erakundeak Arabako eta Bizkaiko Medikuen Elkargoarekin.
Bi foroetako egoera kontrastatu ondoren, Udalak bere ondorioak helaraziko dizkie herritarrei, ekimen berriak aktibatzeko.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!