Larrialdien arreta egokia, zalantzan
Larrialdiak artatzeko Osakidetzak martxan duen eredua kritikatu du Osasun Publikoa Aurrera plataformak. Etengabeko arreta guneak eta lehen mailako arreta indartzeko exijitu dute, arazoak bideratzeko. through Alea.eus
Osasun Publikoa Aurrera plataformak San Martingo Etengabeko Arretako Guneak (EAG) berriro irekitzeko kontzentrazioak hasi ditu berriz, zerbitzuaren itxiera bere horretan mantentzen dela ikusirik, eta osasun arretaren egoerarekin kezkatuta. Azken kontzentrazioa iragan apirilaren 12an egin dute, Olagibel kaleko anbulatorioaren aurrean.”Gure aldarrikapena ez da berria, hainbat hilabete daramatzagu San Martingo Etengabeko Arreta Gunearen irekieraren alde elkarretaratzeak antolatzen; ez da aldarrikapen bakarra, baina bai premiazkoenetako bat”, azaldu dute. “Salatzen dugun arazoa benetakoa eta premiazkoa da, horregatik ez dugu etsiko gure helburua lortu arte”.
Oso kezkatuta agertu dira plataformako kideak gobernuan gaur dauden alderdiek egiten dituzten proposamenak EAGetako asistentzia “pribatizatzera” bideratuta ikusten dutelako. “Hala ematen du ikusten dugunean erkidegotik kanpoko osasun langileei homologazioa errazteko joera dagoela, beste zerbitzu batzuetan egin duten bezala”.
Osakidetzak azken bi urteetan martxan jarri duen larrialdietako asistentzia eredua kritikatu du Osasun Publikoa Aurrera plataformak, eta azpimarratu du zerbitzu “eskasa” eta erabiltzaileen, senideen eta profesionalen “ezinegona” agerian geratu direla herrialde osoan. Are gehiago, ziurtatu dute Osakidetza ez dela gai izaten ari osasun arreta egokia emateko.
Plataformak gogoratu du San Martingo EAGk 2019ko udan itxi zuela Osakidetzak, Arabako ESIko lehen mailako arretako plantillen oporrak errazteko aitzakiarekin. “Urrian, jarduerara itzultzea aurreikusita zegoen, baina Osakidetzak erabaki zuen ez zela beharrezkoa, Txagorritxuko ospitaleak bere gain har zezakeelako premiazko arreta hori”. Gaur egun, Gasteizen, Olagibeleko EAGa bakarrik dago erabilgarri, “eta asistentzia gainkarga handia du, osasun arreta jasotzeko zain dauden erabiltzaileen ilara luzeek maizegi erakusten duten bezala”, esan dute.
Txagorritxun, aterabiderik ez
2022ko otsailaren 2an, berriz, Osakidetzak Santiago ospitaleko larrialdiak itxi eta Txagorritxuko ospitaleko larrialdi berriak inauguratu zituen. “Herrialdearentzat lorpen gisa saldu zuten. Baina aurreikuspenak ez dira bete. Espazio berri bat, box eta kontsulta gehiago eta hornidura teknologiko handiagoa izateak ez du fruiturik eman, eta maiz izaten dira erabiltzaileen kexak”.
Ondorioz, osasun publikoaren larrialdien arretaren egungo egoera bideratzeko, San Martingo arreta gunea berriz irekitzearekin eta ordutegiak handitzearekin batera, lehen mailako osasun arreta indartzeko exijitu du plataformak. “Gasteizko lehen mailako Arretaren gainkargak eta Olagibeleko EAGaren baliabide urriek ezin diote behar bezala erantzun sortzen diren hil ala bizikoak ez diren larrialdiei”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!