“Langile migratuen esplotazioarekin aberasten den sistema kapitalista kolonial baten ondoriozko istripua izan zen Zorrozakoa”
Dozenaka lagun bildu ziren atzo Murgako lantegiaren aurrean eginiko elkarretaratzean. Zorroza enpresaren ardura zuzena seinalatzeaz gain, Atzerritartasun Legea bertan behera uztea exijitu zuten bertaratutakoek. through Aiaraldea.eus
Iragan astean izan zen Zorroza Gestion de Residuos lantegian duela lau urte jazotako lan heriotzaren ondoriozko epaiketa, eta atzo dozenaka lagun bildu ziren Murgako lantegiaren aurrean, auziak izan duen ebazpena salatzeko.
2020ko otsailaren 23an gertatutakoa ekarri zuten gogora mobilizazioan. Egun hartan galdu zuen bizitza Bassirou Dionek, 24 urteko gazte senegaldarrak. “Ia 9 metroko altueratik amildu zen, inolako segurtasun neurririk gabe zegoenean”, nabarmendu dute atzoko mobilizazioko deitzaileek, “eta ez hori bakarrik: gertatutakoa ezkutatzen saiatu ziren, gorpua mugitzera behartuz, istripua beste toki batean gertatu zenaren plantak egiteko”.
Nabarmendu dutenez, “langileen eskubideen kontrako esplotazio sistematikoa” zegoen Zorrozan, “eta hala izaten dihardu”. Gauzak hala, ziurtatu dute Dioneren heriotza ez zela “kasu isolatu bat” izan, aurretik erebeste hainbat lan istripu gertatu zirelako.
Epaiketaren ebazpena ere kritikatu dute: Urte eta erdiko kartzela zigorra eta 30.000 euroko kalte-ordainak Zorrozako arduraduenntzat. Horren aurrean, salatu dute sistema honetan “merke” ateratzen dela langileen aurkako esplotazioa, eta “are merkeagoa” ateratzen dela “langilea kanpotik bizitza hobe baten bila etorritakoa bada”.
Atzerritartasun Legearen aurkako aldarria
Era berean, aldarrikatu dute Zorrozako lan heriotza “langile migratuen esplotazioarekin aberasten den sistema kapitalista kolonial baten” ondoriozkoa izan dela, eta horrek badituela “arduradun politikoak”. Horri lotuta, Atzerritartasun Legea bertan behera uztea exijitu dute, “funtsezko baldintza delako Aiaraldeko bizilagun guztiek, datozen lekutik datozela, modu duinean lan, ikasi eta bizi ahal izan dezaten”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!