Kide bati ezarritako isunaren kontrako demanda aurkeztu du Kaleratzeak Stopek
Mozal Legean oinarrituta Eusko Jaurlaritzak ezarritako 602 euroko isunaren kontrako demanda aurkeztu du Kaleratzeak Stop elkarteak. Mozal Legea epaitu! lelopean, elkarretaratzea deitu dute asteazkenean, 10:45ean Gasteizko epaitegien aurrean. through Alea.eus
2016ko udazkenean Anastasia eta bere seme-alaba adingabeak etxebizitzatik kaleratu zituen Alokabidek, alokairu zorrengatik. Ehun pertsona baino gehiagok babesa adierazi zioten familiari, Zabalgana auzoan.
Ertzaintza eta Udaltzaingoa kaleratzea ekiditeko protesten kontra oldartu zen, eta “agintaritzari oztopak jartzea” egotzita, Kaleratzeak Stop plataformako hainbat kide identifikatu zituzten bertan, kontzentrazioaren deitzaile gisa.
Urtebete beranduago, 3.612 euroko isuna jakinarazi zien Eusko Jaurlaritzak plataformako sei kideri, Herritarren Segurtasunerako Legea baliatuz.
Banan-banan errekurritu dituzte sei espedienteak, eta azaldu dutenez, Eusko Jaurlaritzak horietako bost artxibatu behar izan ditu, irregulartasunen ondorioz.
Azaldu dutenez, garai hartan Alokabidek Abetxukun zuen etxebizitza sozialetik kaleratua izateko mehatxua jaso zuen Maria Angelesen espedientea baino ez da geratzen. “602 euroko isunari egin behar dio aurre, eta hori hilabeteko diru sarreren baliokidea da”, kritikatu dute.
Mozal Legeak bost urte
“Higiezinen iruzurra hasi zenetik, ehunka mila etxegabetze izan dira auzitegiek gaur egun baliogabetzat jo dituzten gehiegizko banku klausuletan oinarrituta”, ohartarazi dute Kaleratzeak Stopeko kideek. Denbora honetan zehar, “etxebizitza eskubidea babesten duten nazioarteko legeak urratzen ziren bitartean, lege bidegabeak desobeditu” dituztela onartu dute.
Bost urte betetzear dagoen Mozal Legea kaleratzeen kontrako mugimenduari aplikatu izana zentzu horretan kokatu dute: “2015ean PPk inposatu zuen gizartearen haserreari erantzuteko, eta oinarrizko eskubideak murrizten ditu”.
Gainera, 2016ko ekainean, EAJk eta PSEk Eusko Legebiltzarrean legea EAEn ez aplikatzearen alde bozkatu zutela ere gogorarazi du plataformak. Hala ere, gogor kritikatu dute alderdi hauen kontrolpeko erakundeek legea aplikatzen jarraitzen dutela.
Albiste hau Alea.eus atariak argitaratu du eta creative commons lizentzia erabilita ekarri dugu gurera
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!