Kartzelan sartzeko arriskutik kanpo daude Tubacexeko gazte auziperatuak
Lehen gaztea absolbitu dute, bigarrenari 18 hilabeteko bi kartzela zigorrera murriztu diote eskaera fiskala eta hirugarrenak urtebeteko kartzela zigorra onartu du, hutsik zegoen freskagarri lata bat botatzeagatik. 4 urte eta 7 hilabeteko kartzela zigorra eskatzen zuen fiskaltzak gazte bakoitzarentzat. through Aiaraldea.eus
Gaur izan da Tubacexeko greba mugagabetik eratorritako laugarren eta azken epaiketa. Irailean izango zen berez, baina atzeratu behar izan zuten azkenean, bi ertzain ez direlako bertaratu “administrazio hutsegite bategatik”.
Gaur, aldiz, polizia guztiak agertu dira Gasteizko Justizia Jauregian, 14 guztira, baina ez dute guztiek deklaratu. Izan ere, ertzainetako batzuk ez ziren 2021ko martxoaren 2021an Saratxoko Tubacexeko piketean egon. Aurreko gauean bertaratu ziren, langileek bidean jarritako paleak kentzera. Gauzak hala, agente-talde horretako kide bakar baten deklarazioa sartu dute epaiketan.
Gainontzeko poliziek, aldiz, ez dute bertsio bateratu bat plazaratu Tubacexeko piketean gertatutakoaren inguruan. Batzuk deklaratu dute ez zutela ezer ikusi, eta ez dute pertsona zehatzik identifikatu. Beste batzuk, aldiz, gazteen aurkako akusazioak mantendu dituzte.
Gazte bat, 36 hilabeteko kartzela zigor eskaeraren ebazpenaren zain
Bi poliziek deklaratu dute gazteetako batek objektuak bota zituela euren aurka. Gauzak hala, auziperatu horren aurkako kartzela zigorra mantendu du fiskalak, baina eskaera murriztu du. 18 hilabeteko bi kartzela zigor eskaera egin dizkiote, desordena publikoak eta agintaritzaren aurkako atentatua leporatuta. Hala ere, sententziaren zain geratu den arren, gaztea ez da kartzelan sartu beharko printzipioz, delituetako bat bera ere ez duelako gainditzen bi urteko zigor langa.
Beste gazte bat, absolbituta
Bigarren gaztea, aldiz, absolbitu egin dute. Barrikadari gasolina botatzea leporatu zion akusazioak, baina epaiketan argi geratu da hori egin ez zuena beste pertsona bat izan zela (irudietan identifikatu ezin izan dutena). Ondorioz, karguak erretiratu dizkiote auziperatuari.
Urtebeteko kartzela zigorra freskagarri lata huts bat botatzeagatik
Hirugarren gazteak, aldiz, urtebeteko kartzela zigorra onartu du, hutsik zegoen freskagarri lata bat botatzeagatik. Akusatuak baieztatu du lata bota zuela, baina gaineratu du lurrera erori zela, inori jo gabe. Bere aurka deklaratu duten poliziek ere onartu dute latak ez zuela inor jo.
Aiaraldea Komunikabidearen lekukotza, bertan behera
Aiaraldea Komunikabideko kide bat egon da goizean epaitegian, defentsak deituta deklaratu behar zuelako. Baina, azkenean, epaiketak hartu duen norabidea ikusita, ez dute beharrezko ikusi kazetariaren deklarazioa sartzea.
Aiaraldea Komunikabideko bi langile egon ziren 2021ko martxoaren 25ean Saratxoko poligonoan, Tubacexeko piketean gertatzen ari zena bertatik bertara kontatzen. Hemen ikusi daiteke egun horretako kronika zehatza.
4 urte eta 7 urteko kartzela zigor eskaerarekin sartu dira hiru gazteak gaur Gasteizko epaitegietan. Eurak izan dira Tubacexeko greba mugagabeagatik zigor eskaera handienak jaso dituzten pertsonak. Guztira, 7 pertsona egon dira auziperatuta 236 egunez luzatu zen lan-gatazkaren ondorioz. Lehena (Aintzane Mendia amurrioarra) absolbitu egin zuten. Bigarrenari eta hirugarrenari seina hilabeteko espetxe zigorrak ezarri zizkieten, baina biek jarri dute helegitea. Laugarrenak, aldiz, akordioa lortu zuen, lau hilabeteko kartzela zigorra eta 4.980 euroko isuna onartuta.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!