Josu Santamarina | Memoria historikoa: Mehdi Ben Barkaren bahiketa, Marguerite Duras, Iturengo hilerria eta Iker Jimenez
Ben Barkaren kasua. 40 urteren ondoren, urtero Frantziako zimenduak astintzen jarraitzen duen gertakaria.
“1956-1959 urteen inguruan, Marokoko Kontsulta Asanbladako presidentea eta Istiqlal alderdi independentistaren lider karismatikoa izan zen Mehdi Ben Barka.” Rabaten jaioa, herrialdeko herrixketan barrena zabaltzen zituen independentismoaren aldeko aldarriak. Horrelako mitin baten grabatutako bideoaren audioa ekarri digu Josu Santamarina ikertzaileak. Bideo honetan, “nekazariz inguratuta” agertzen da Ben Barka lider independentista. “Bertan, halako diskurtso edo mitin moduko batean, Maroko independenteak modernizazioari ekin behar diola defendatzen du. Esaterako, herri independenteak ingeniariak beharko dituela dio, ingeniari horiek trenbideak egin ditzaten, trenbideek herrialdea batuko dutelako.
Parisen erbestean zela, 1965eko urriaren 29an, Parisko Saint-Germain Bulebarreko Brasserie Lipp delako batean zinemagile ospetsu batekin geratua zen Ben Barka, “Georges Franjou zinema-zuzendariarekin alegia”. “Hitzorduaren helburua zera zen: Franjouk deskolonizazioari buruzko pelikula bat egin nahi zuen, Marguerite Duras idazlearen gidoiarekin eta Ben Barkarekin kontaktua egin zuten bera aholkulari historikoa izateko. Baina dena gezur hutsa zen.” Ez zen Durasek idatzitako gidoirik, ez Franjouk zuzendutako pelikularik, soilik bi agente frantziar eta tranpa krudel bat.
Bi agente frantziar hauek, Ben Barka bahitu eta “autoz Fontenay-le-Vicomte izeneko herri batera eraman zuten, Parisetik 50 kilometrora. Han etxe batean giltzaperatu eta Marokoko zerbitzu sekretuko agenteek torturatu eta hil egin omen zuten. Tartean, Mohamed Ufqir jeneral eta Marokoko Barne Ministroa, Orlyko aireportura heldu zen, operazioa ikuskatzera. Ben Barkaren gorpua ez zen sekula agertuko.”
Baina, zergatik eman zen Marokoko eta Frantziako zerbitzu sekretuen arteko kolaborazioa? Nor zen
Mehdi Ben Barka? Zergatik bahitu, torturatu eta desagerrarazi zuten? Galdera hauen erantzuna, eta kasua inguratzen duten bitxikeria eta zalantza guztiak mahaigaineratu ditu Josu Santamarinak.
Kolaborazioa hemen entzungai:
-
Hizpidea: Josu Santamarina | Memoria historikoa: Mehdi Ben Barkaren bahiketa, Marguerite Duras, Iturengo hilerria eta Iker Jimenez00:35:50
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!