Jarraipen oso zabala izan du Imegarreko lehen greba egunak
Sindikatuak nabarmendu duenez, arduradunak eta aldi baterako langileen enpresen bidez kontratatutakoak soilik sartu dira tailerrean. through Aiaraldea.eus
Oso jarraipen zabala izan du Imegarren deitutako greba mugagabearen lehen egunak, LABen hitzetan. Sindikatuak nabarmendu duenez, 12 langiletik hiruzpalau baino ez dira sartu goizeko txandan tailerrean lan egitera, eta guztiak direla arduradunak edo aldi baterako kontratatutako beharginak. Jakinarazi dutenez, antzeko egoera errepikatu da arratsaldeko txandan ere. Bulegoetan, aldiz, 4 langiletik batek egin du bat grebarekin.
Grebalariek piketea egin dute lantegiaren sarreran txanda hasieretan, 5:30ean eta 13:30ean. Horrez gain, kotxe karabana osatu dute goizean herrian barrena.
Bihar (osteguna) elkarretaratzea egingo dute 11:30ean Laudioko Herriko plazan, merkatua dagoela probestuta. Ostiralean, aldiz, manifestazioan aterako dira Imegarretik herrigunera, 12:30ean.
Aldarri bakarra dute beharginek: zuzendaritzak azken bi asteetan kaleratutako bi lankideak berronartzea. LABek salatu duenez, “lan sindikala egiteagatik” kaleratu dituzte biak, “enpresari buruzko informazio bat langile asanbladan partekatzeagatik”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!