Zertarako aldatu zuten hezkuntza-legea?
Duela urte bi, 2023ko abenduan, Hezkuntza Legea onartu zuen Gasteizko parlamentuak. Onartu zenetik, beraz, ikasturte oso bat igaro da, 2024-25, eta bigarren bat abian da: oraingo 2025-26.
Ikasturte bat eta erdi ez da nahikoa, jakina, legean ezarritako helburuak betetzeko. Gogora dezagun bat: ikasle guztiek, DBH amaitzean, euskaraz B2 maila izatea. Aldaketa hori, berez, bederatzi urte barru ikusi beharko genuke, iaz, sei urteko adinarekin, lehen hezkuntzako lehenengo mailan sartu ziren ikasleek hamasei urte bete eta DBH amaitzen dutenean.
Baina benetan hori bada lortu gura dena, hamar urte barru ikasle guztiek euskaraz B2 maila izatea gura badugu, iaz aldaketa batzuk egin beharra zegoen eta, esan barik doa, Hezkuntza Sailak ez zituen egin.
Legea onartu zenetik ikasturte bat eta erdi pasa izanak hauxe esan gura du: matrikulazio-aldi bi igaro direla. Matrikulazio-aldi bi horietan ikasle hasi berriak zeuden: sei urteko guztiak, horixe baita, sei urte, derrigorrezko hezkuntzan sartzeko adina.
Legearen euskara-helburua betetze-bidean ipintzeko, bai iaz, bai aurten, sei urteko umeen gurasoei ez zitzaien A eredurik eskaini behar. Izan ere, Hezkuntza Sailak berak onartzen du (eta datuek frogatzen dute) A ereduak ez duela euskaraz ikasteko balio. Iaz eta aurten Hezkuntza Sailak A eredura bidali dituen ikasle horiek guztiek, beraz, hamar urte barru ez dute euskara nahikorik jakingo. B1 mailara ere ez dira ailegatuko, legeak ezartzen duen B2tik oso urruti geratuko dira. Eta Hezkuntza Sailak badaki hori, ondotxo daki hori.
Zelan da hori posible? Zelan da posible Hezkuntza Sailak ez betetzea berak proposatu zuen legea?
Bada, euskarako B2 maila lortzeko asmo hori amarrua baino ez zelako. Helburu teoriko hori ipini zuten, bai, baina betetzeko baliabiderik ez dute ipini: gogoratu eskolak, berak bakarrik, ezin diela maila hori ikasle guztiei bermatu.
Helburu teoriko hori ipini zuten, bai, baina betetzen ote den egiaztatzeko inolako asmo barik. Orain arte legez jarraituko dute, DBH amaitzen duten ikasleen ahozko eta entzunezko euskara maila neurtu barik. Are gehiago, ez dago inolako asmorik B2 maila hori sistematikoki lortuko ez duten ikastetxeak horretara derrigortzeko.
Legearen benetako helburua ez zen gure ikasle guztiak elebidunak izatea, besteren bat baizik. Zein? Bada, galdera hori legearen sustatzaileek erantzun beharko lukete: EAJk, PSEk eta EHBilduk, hiruren elkarlana behar izan zelako 17/2023 Hezkuntza Legea parlamentuko bozketara ailega zedin.
Txarrena da bederatzi urte barru, iazko sei urteko neska-mutilek DBH amaitzean, gaur egungo egoera berberean izango garela, euskara nahikorik ikasi ez duten milaka ikaslerekin: A ereduko guztiak eta B eredu pribatuko gehien-gehienak ere. Hori bai: teorian, guztiek izango dute B2 maila.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!
