Araba, euskara eta Euskaraldia

Datorren astean hasten da 2025eko Euskaraldia. Ariketa zoragarria, positiboa eta aldi berean gogorra. Egunero egin beharko genukeena, ez bakarrik maiatzeko hamabostaldi honetan, gure euskara mantendu eta zabaldu nahi izanez gero.
Euskaldunok badakigu egunero sufritzen dugula, soziolinguistek “estres linguistikoa” deitzen dutena: alegia, sinplifikatuz, ezezagun diren pertsonekin gure hizkuntzan aritzen hasteko dugun beldurra, gure kontrako erreakzioa jasango dugulakoan. Zergatik? Ba, esperientziak erakutsi digulako jaso dezakegula kontrako erreakzio hori eta ez dugula lortuko behar duguna edo konflikto batera eraman gaitzakeela zoritxarrez.
Euskaraldiak horixe gainditu nahi du: guk naturalki euskaraz hasi eta jarrai ahal izatea bermatzea, aurpegi txarrik sortu gabe, rollo onean, ez delako eraso bat, gure bihotzean daramagun hizkuntza erabiltzeko eskubide bat baizik. Denok dakigu, Txillardegik esan zuena: euskara dela euskaldunon aberria. Xalbadorrek ere esan zuen, herria / lurraldea dela gorputza eta hizkuntza bihotza, banatuz gero heriotza datorkiola Euskal Herriari: euskarak, hizkuntzak, ematen baitigu izena eta izana (euskaradunen herria baikara).
Nafarroan azken urteotan aintzin-euskarazko idazkunak agertu dira (Irulegiko eskua edo Larrahe jainkodun aldarea), ezagunak oso eta pozgarria da benetan.
Baina Araban ere badaukagu, agian ez hain ezaguna, duela bi mila urte, emakume bat, Aelia Helice izenekoa (esklabu ohia seguru asko izen latindarraren ostean, bigarren izen grekoa baitzuen, garaiko modara), eskaintza idazkun bat egiten (latinez, garaiko prestigiodun hizkuntzan), aldare harri batean, oso garaiko modara ere (molduraduna eta gainean eskaintzak egiteko zulogune eta guzti), aintzin-euskarazko izena zeukan bertako jainko edo jainkosa bati, hau da, Helasse-ri (Barbarinen, Nafarroan, beste inskripzio batzuetan agertu den jainko/jainkosa bera omen dena, adituen arabera). Kristo ondoko II. mendeko aldare “erromatar” garaiko hau, Miñaon agertu zen (Gasteiz), nekazari lanak egiten ari zirela. Mª Lourdes Albertosek argitaratu zuen 1970ean lehen aldiz eta Joakin Gorrotxategik ere aztertu zuen gero. Emakume batek, bertakoa agian, nahiz ez izan bertako izenik, edo bertara etorritakoak, ez dio axola, bertako jainko/jainkosa bati eskaintza egiten dio. Duela 2000 urte aintzin-euskara bazegoela adierazten duena, bertan zeudenek bazekitena eta erabiltzen zutena, nahiz garaiko modetara eta euskarrietara egokitu.
Ea beste 2000 urte barru, gure ondorengoak ere miresten diren, beraiek darabilten eguneroko euskara, guk ere erabiltzen genuelako 2025. urtean eta Helasse haren jarraitzaileen sustraiek fruitua ematen duten, Euskaraldia moduko ekimenei esker. Zeren, nik penaz ikusten dut jende asko erdaraz, nahiz abertzale direla esan eta sentitu, eta ezin ulerturik geratzen naiz…
Jaione Agirre
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!