“Nire klasea eta nire irakaslea”

Nire izena Braima da, 12 urte ditut eta lehen hezkuntzako seigarren mailan nago. Duela hiru urtetik bizi naiz Euskal Herrian, amarekin eta lau anai-arrebekin iritsi nintzen Ginea Bissautik. Orain bizi naizen auzoa langile auzoa dela diote, martxoak 3ko eguna oso garrantzitsua da bertan. Etxe batean horren inguruko marrazki erraldoia zegoen, baina orain kendu dute. Nire auzoa gustatzen zait, anitza da, helduak, gazteak, umeak… denetarik dago. Nik eskola publikoan ikasten dut.
Nire gela etorri aurretik uste nuenaren oso desberdina da. 20 ikaskide gara, eta ez dago haur bakar bat ere bizi guztitik hemengoa denik, euskara etxeko hizkuntza balitz bezala hitz egiten duen horietakoa. Nire klasean leku askotako haurrak daude: Kolonbia, Paraguai, Peru, Uruguai, Aljeria, Maroko, Sahara eta ni, Ginea Bissaukoak. Munduaren mapa bat bezalakoa da, baina txikitan.
Gure irakaslea jende ona da. Ane du izena, haur txiki baten ama da eta askotan oso nekatuta ikusten dudan arren, beti dauka irribarrea edo txantxa bat guretzat. Batzuetan bizkotxoa eta txutxeak ekartzen dizkigu eta besarkadak ematen dizkigu. Behin, nire arrebak komunetik negarrez irteten ikusi zuen, eta berriz ere uste dut malko bat ikusi niola ikasgelan, desordena, zarata, ikasleak handik-hemendik eta mutiletako batek mahaiari ostikada bat eman eta aulkia lurrera bota zuenean, ez baitzuen lana egin nahi. Pena eman zidan. Nik lagundu nahi diot, baina ez dakit nola. Gustatuko litzaidake berarentzat dena errazagoa izatea.
Klasean, askok arazoak dituzte. Hiru lagun gaude irakasle baten laguntza jasotzen dugunak, ikasteko behar bereziak ditugulako. Beste bost, ni ere tartean, EUSLE errefortzu-eskoletara goaz, oraindik ez dugulako euskara ondo menperatzen, eskolako hizkuntza baita. Bost horietatik bik ez dute ikasi ere egin behar, salbuetsita daudelako, baina ez dakit zergatik. Duela gutxi neskato bat joan zen, nire laguna zen eta berak behin sekretuan esan zidan alberge batean bizi zela oraingoz, eta Lucia etorri zen haren ordez. Atsegina da, baina galduta bezala dago.
Gainera, sei ikaskidek ez dute ezer ikasi nahi. Aspertu egiten dira, ez dute kasurik egiten, eta hizketan, jolasean eta gogaituta egoten dira denbora guztian. Hasieran ez zuten maistra errespetatzen, baina denborarekin maitasuna hartu diote. Maite duten arren, oraindik ez diote asko obeditzen. Hainbesteko zarata eta desordena dago, non batzuetan ezinezkoa baita kontzentratzea eta aurrera egitea.
Maistrak beti esaten digu hainbeste denbora ematen dugunez portaera-arazoak konpontzen ez dugula akademikoa entrenatzen. Hori esaten du, “arlo akademikoan entrenatzea, futbolean teknifikazioa egiten dugun bezalaxe”, eta nik ulertzen dut: ez dugu ia ariketarik egiten, edo erdizka uzten ditugu, kasketaldi bat izan duen norbait lasaitu behar delako edo borrokan ari direlako.
Lau neska oso zintzoak dira. Ondo portatzen dira beti. Irakaslearen esanetan, “zerua irabazi dute”, baina arazoak ere badituzte, ez baitaramate denbora asko hemen eta ez baitute hizkuntza ondo menderatzen.
Behin entzun nion irakasleari esaten nire ikaskide batzuek ez dakitela zer den “EZ” bat jasotzea. Nik ez nuen erabat ulertu. Eskola honetan asko entzuten ditut “ezin da”, “hori gaizki dago”, “hau ez da egiten”. Baina agian berak beste gauza batez hitz egiten zuen… errespetatu beharreko mugak daudela, nahiz eta norberak nahi ez izan.
Nire klasea hobetzea nahi dut. Ikastea gustatzen zait eta besteek ere ahal izatea nahi dut. Batzuetan klase lasai batekin egiten dut amets, denok gauzak ulertu ahal izateko eta maistra “urduri” jarri behar ez izateko. Batzuetan pentsatzen dut zaharragoa naizela eta irakaslea naizela, eta ahalegintzen naiz gu bezalako haurrei pazientziaz eta samurtasunez irakasten, Anek egiten duen bezala.
Braimagatik, 12 urte
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!