[Iritzia] “Bermeak eta aldebikotasuna” -Álvaro Castillo-
Duela pare bat hilabete, Nicola Sturgeon, Scottish National Party-ko buru denaren adierazpen interesgarri batzuk entzun nituen. Abertzale eskoziarrak azpimarratu zuen Independentziaren inguruko bigarren referendum bat egotekotan, 2014ko galdeketaren emaitzarekiko errespetu faltagatik izango ez zela, eskoziarrei emandako hitza bete ez izateagatik baizik.
Sturgeonen hitzak ezin aproposagoak dira, alde batetik, Eskoziaren burujabetza kanpaina izuaren mezuek markatutako testuinguruan eman baitzen. Izan ere, Europatik at geratzearen mehatxupean erabaki behar izan zuten eskoziarrek. Eta, egun, Erresuma Batuan, eta hortaz Europan, geratzearen alde jo dutela, haien borondatearen aurka Europatik aterarazi nahi dituzte; eskoziarrak Erresuma Batuan gelditzea eragin zuen Europan gelditzeko zina indargabetuz.
Aitzitik, zalantzarik gabe, abertzale eskoziarraren hitzen garrantzia hain da esanguratsua EZetzaren aldeko kanpainan Cameronek erabilitako armarik boteretsuenetariko bat Eskoziarrei eginiko zinak direla eta: Erresuma Batuaren barne, inolako arriskurik gabe autogobernu handiagoa izateko zinak. Zin hauek hain izan ziren erabakigarriak, ezein Ezetzari garaipena eman zioten, fede oneko boto emaile zalantzatiei esker. Izu mezuek beldurtuta, ziurgabetasunaren beldur, eta Europan geratzearren, autogobernu zabalagoa izateko Cameronen eskaintzari heldu zioten boto emaileak.
Arazoa, alta, zinak besterik ez zirela izan da; afalondoko kontuak. Etsipen egoeran murgilduta dagoenean, politikari batek, hainbeste zaildu zaion garaipena erraztuko dioten botoen bila dagoenean eginiko promesak. Betetzeko asmoarekin ez eginiko zin pozoituak. Euskal esaerak dioenez, urrutiko intxaurrak, hamalau; alderatzean, lau.
Tamalez, betetze falta honen aurrean Eskoziarrek ez dute zinak betearazteko inolako mekanismorik. Katalanek Estatut-a berritzen saiatzean pairatutako subiranotasun murrizketak islatzen duen aldebikotasun falta bera sufritzen ari dira. Ibarretxe lehendakariak, gehiengo absolutu batek babestua, Itun Politiko berria Madrilera eraman zuenean Estatuak negoziatzera ukatzeak adierazten duen aldebikotasun falta berdina.
Guzti honetatik, 2017ko euskaldunok makina bat ondorio atera baditzakegu ere, nire aburuz, badago bat lehentasuna izan behar duena. Gure herriaren markoa definituko duen Estatus berria ituntzear gauden honetan, gizarte eragile eta alderdi politikoen jarrerak desberdinak izatea zilegia den arren, guztiei eskaera bat egin behar diegu: adosten duzuena adosten duzuela, izan dezala berme mekanismo indartsu bat. Eskoziarrei, Katalanei, eta gu geuri aitzinean gertatutakoa gerta ez dakigun. Jakin badakigu zeinen frustragarria den euskaldunon arteko akordio bat ez betetzearen esperientzia. Badakigu ia 40 urte ondoren, Gernikako Estatuaren 35 eskumen ez zaizkigula oraindik kudeatzen utzi, eta horrek zenbateko porrota suposatzen duen. Eskumen hauen artean, euskal herritarrentzat hainbesteko garrantzia duten pentsioak, Gizarte Segurantza, trenbide sareak, Fogasa, zinema, aseguruak … eta beste asko daude. Eta, nola ez, euskal gatazkari amaiera emateko ezinbestekoa den espetxe politika.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!