Imegarreko kaleratzeek ez dute zerikusirik lan sindikalarekin, zuzendaritzaren aburuz
Enpresako zuzendaritzak oharra bidali die komunikabideei lan gatazkaren inguruan duen iritzia plazaratzeko, eta LABek erantzun egin die adierazpen horiei. Sindikatuaren aburuz, jarraipen zabala izan du bigarren greba egunak. through Aiaraldea.eus
Imegarreko zuzendaritzak bere bertsioa plazaratu nahi izan du enpresan piztu den lan gaztakaren harira, eta prentsa-oharra bidali die komunikabideei horretarako.
Lantegiko buruen ustez, LAB sindikatuko kideak ez dituzte kaleratu lan sindikala egiteagatik. Euren hitzetan, kaleratzea “Langileen Ordezkariari irekitako zehapen-espediente baten amaiera da”. Nabarmendu dutenez, espediente horren izapideetan inork ez zuen inolako alegaziorik egin.
Enpresak azaldu duenez, kaleratutako langileak “beste langile bati eragiten dioten datu pertsonal konfidentzialak” zabaldu zituen langile batzar batean. Zuzendaritzaren arabera, datu horiek zituen dokumentua “legez kanpo” eskuratu zuen beharginak, ez ziolako enpresari eskatu.
Enpresaren aburuz, langileak berak hainbat aldiz aitortu zuen hori egin izana. Zuzendaritzak uste du eginikoa “sekretuak agerraraztearen delitua” izan daitekeela, eta epaileen esku egongo dela hori hala den edo ez ebaztea. “Argi dagoena da enpresa moduan onartezina dela lan-harremanen eremuan, kontratuko fede ona eta langileen intimitaterako eskubidea modu honetan urratzea”.
Enpresak azaldu duenez, kaleratutako langileak “beste langile bati eragiten dioten datu pertsonal konfidentzialak” zabaldu zituen langile asanblada batean. LABek erantzun du langile hori enpresako gerentea dela, eta irabazien banaketari buruzko informazioa zela partekatu zena.
LABen erantzuna
LAB ohar baten bidez erantzun egin die enpresak emandako azalpenei. Sindikatuko kideek azaldu dute, alegazioak alegazio, bilera ugari egin zirela lehen kaleratzea baino lehen, eta batzar horietan enpresak langilea behartu nahi izan zuela. Bigarren beharginaren kasuan, aldiz, “kaleratze zuzena” eman zela ziurtatu du LABek, “inolako aurretiazko espedienterik gabe”.
Langile batzarrean zabaldu zen informazioaren nondik norakoak ere azaldu ditu sindikatuak: “Batzarrean eman zen informazioa enpresaren onurei lotutako akordio ekonomiko bati buruzkoa izan zen”. LABek zehaztu duenez, zabaldu ziren datuak ez ziren langile soil bati buruzkoak, “enpresako gerentearenak” baizik.
Horrez gain, nabarmendu dute ez zela datu pertsonalik helarazi, eta informazioa ahoz baino ez zela eman langileen batzarrean. “Jakina, dokumentu hori ez da inoiz eskatu; izan ere, zuzendaritzak ez du inoiz jakinarazi onurei lotutako akordiorik dagoenik”. Horri lotuta, langileen ordezkariek nabarmendu dute askotan eskatu dutela dokumentazio ekonomikoa, eta ez dela gardentasunik egon zuzendaritzaren partetik.
Gauzak hala, LABek uste du kaleratutako lehen langileak egin zuen gauza bakarra izan zela irabazien banaketari buruzko “informazio oso nabarmena” partekatzea bere lankideekin, eta orduan erabaki zuen enpresak “delegatuak eginiko lan sindikala” zigortzea.
Halaber, kaleratzeak “erabat neurrigabeak” direla uste dute langileen ordezkariek, eta aldarrikatu dute bi beharginen berronartzea dela soluzio bakarra. Horri lotuta, gaineratu dute “prestutasun osoa” dutela enpresarekin bildu eta akordioak lortzeko, “Imegarrentzat zein langileentzat” ona izango dela iritzita.
Bigarren greba eguna
Atzo abiatu zuten greba mugagabea Imegarreko langileek, bi lankideen berronartzea exijitzeko. Gaur ere “jarraipen oso zabala” izan du lanuzteak, LABen hitzetan. Beharginek piketeak osatu dituzte goizeko lehen orduan lantegiaren sarreran, eta elkarretaratzea egin dute gero Herriko plazan, ostegunetako merkatua dagoela probestuta.
Bihar, aldiz, mobilizazioa egingo dute 12:30ean, tailerretik abiatuta.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!