Hitzartutakoa baino 130.000 euro gutxiago gastatu ditu Lazarragak
Elkarteak berretsi du "udalaren borondate faltak" Izaskun Arrue Kulturunea "kolokan" utzi duela. "Udalak sortutako arazoari udalak aurkitu beharko dio irtenbidea". through Alea.eus
Izaskun Arrue Kulturunea abiatzeko Gasteizko Udalarekin hitzartutako kopurua baino 129.763 euro gutxiago gastatu dituela ezagutzera eman du gaur Lazarraga kultur elkarteak.
Ohar batean azaldu duenez, 2023ko diru laguntzaren zuriketaren Gasteizko Udalaren xedapena jaso du honezkero elkarteak. Zenbakiak ikusita, Lazarragak zenbakietara jo du orain arte proiektuan egindako inbertsioen berri emateko, eta, beste behin, egoera salatzeko.
Hala, elkarteak ezagutzera eman du hainbat partidatan egindako gastuak aurreikusitakoa baino txikiagoak izan direla. Kasurako, langile gastuak 23.305 euro txikiagoak izan dira, kulturgunea irekitzeko teknikari laguntzaileak ez dituztelako kontratatu. Horrez gain, inbertsioen partidan 23.331 euro gutxiago gastatu dituzte; kudeaketan, 21.635 euro gutxiago.
Antzokia halabeharrez itxita egon denez, kultura programaziorako 54.290 euro ere ez dituzte gastatu. “Ondorioz, aurrekontuan jasota zeuden 372.226 eurotatik 242.462 euro baino ez dira gastatu; 129.763 euro gutxiago”.
Etengabeko atzerapenen testuinguru honetan egindako kudeaketa babestu du Lazarragak: “2023an elkarteak proiektua kudeatzeko jasotako diru laguntzak gastatutako euro bakoitza, udalarekin adostutako hitzarmenaren eta plan operatiboaren baitan gastatu ditu elkarteak”.
Bide beretik, salatu dute kulturgunea zabaldu ez izanak “ondorio larriak” izan dituela elkartearentzat, Lazarragak “ez baitu izan aurreikusitako diru-sarrerak jasotzeko aukerarik”. Hala, sarreren salmentengatik 31.776 euroko desbideraketa zenbatetsi dute. Babesle eta hitzarmen faltagatik, 41.500 euro. Espazioen eta tabernaren lagapenagatik, beste 6.000 euro. “Guztira elkarteak 79.276 euro galdu ditu. Baina hau ez da aipatzen udaletik ateratako xedapenean”, kritikatu dute.
Hori dela eta, jasotako “kalte bikoitza” salatu du elkarteak: “kulturgunea kudeatzeko jaso gabeko diru-kopuruaz gain, orain itzultzeko eskatzen zaiona gehitu behar zaio”.
Berretsi dute Lazarragak ezin duela itzuli “ez duen” diru bat; “proiektuan udalaren ezagutza eta baimenarekin gastatutako dirua, alegia”. Gauzak hala, udalari eskatu diote “harago” joateko eta “proiektuari argia” emango dioten “alternatiba integralak” eskaintzeko.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!