Herritarren gainetik pasa nahi izatea leporatu dio Aramaioko Udalak Eusko Jaurlaritzari
Aramaioko udalak, herritarren iritzia jasotzeko hasita daukan prozesua bukatuko duela esan du. "Jasotzen denaren arabera, udalak irmoki defendatuko ditu herritarren nahiak". through Alea.eus
Energia Berriztagarrien Plan Sektorialaren eta Aramaion jarri nahi duten parke eolikoaren proiektuaren argitalpenen harira, ohar bat publiko egin du Aramaioko udalak, salatuz legealdiaren azken jardun egunetan “eolikoen inguruko erauntsi bat jasaten ari dela”. Mugimendu horien aurrean, herritarren iritzia jasotzeko hasita daukan prozesua bukatuko duela adierazi du udalak. “Jasotzen denaren arabera, udaletxeak irmoki defendatuko ditu herritarren nahiak. Beste alde batetik, udalak, Aramaioko herriaren eta herritarren interesak eta ongizatea babesteko, juridikoki eta teknikoki dena aztertzen ari da eta behar beste alegazio tekniko egingo ditu”.
Alde batetik, Eusko Jaurlaritzak Energia Berriztagarrien Plan Sektoriala udal hauteskundeen atarian argitaratzea deitoratu du Aramaioko udalak; “ez dauka izenik”, esan du; eta bestetik, udalek “lau urteko zikloa amaitu eta berria hasiko duten honetan, alkate eta zinegotzi aldaketa fasean, plan sektoriala aurkezteak ez dauka ez hanka ez bururik” gaineratu du; eta herritarrok beraien udalerriko instituzioen bidez edozer esan edo alegatzeko aukerak asko murrizten dituela azpimarratu du udalak.
Gainera “deigarria” deritzo Aramaioko udalak “enpresa konkretu batek egin nahi duen parke eolikoa bere horretan jasotzea lurralde antolamenduan”; eta galdera luzatu dio Eusko Jaurlaritzari: “Eusko Jaurlaritzak zer egin du, enpresen araberako lurralde antolamendu bat?”.
Energia berriztagarrien planarekin batera, aste honetan ere, Statkraft enpresak udalerrian egin nahi duen proiektua publikatu dute. “Beraien baliabideak aprobetxatuz, ahal dutena azkartu nahi dute, jendeari eta udalerrioi eperik eman gabe, gauzak ganoraz eta bere osotasunean aztertu eta gure interesak defendatzeko”, esan du udalak; eta gogor salatu du: “Goiko betikoen helburu eta moduek ez dute sekula herritarren iritzia garatzen utzi, interes publikoaren izenean dena posible balitz bezala”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!