Hala Bedi Legebiltzarrean egongo da bihar, Jaurlaritzak Mozal Legea aplika ez dezan exijitzeko
Apirilaren 25ean, Hala Bedik hitza hartuko du Eusko Legebiltzarrean eta Arabako hedabide librearekin batera egongo dira Eleak/Libre dinamika eta Kaleratzeak Stop Araba. Mozal Legea indargabetu ditzatela exijituko dute hitzartze ezberdinetan.
Aurreko astean eman genuen berria: Hala Bedik auzitara eramango du Eusko Jaurlaritza, kazetari bati Mozal Legea aplikatzeagatik. Ia urtebeteko prozesuaren ostean, Mikel Saenz de Buruaga Hala Bediko kazetariari ezarritako isuna berretsi du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eta Mozal Legeak zigortutako Euskal Herriko lehen kazetaria izango litzateke Hala Bedikoa. Baina prozesu judizial luze honetan, geldialdi bat egingo du 35 urte betetzen dituen hedabideak: 13:30etatik aurrera, Saenz de Buruaga bera, haren abokatua eta Hala Bediko beste kide batek hartuko dute hitza. Kasua azaldu, arlo juridikotik esposatu eta kazetarien adierazpen askatasuna bermatzeko neurriak hartu ditzatela exijituko du.
Eleak/Libre dinamikak soberan daki zer den lege arrotz honen aurka borrokatzea. Behin eta berriz eskatu dute bertan behera uztea eta euskal instituzioek hau ez aplikatzea, baina alferrik. Honen aurrean, desobedientzia aldarrikatzen jarraitzen dute eta zigortua izanez gero aholkularitza emateko prest daude. Gogoratu beharra dago, Gasteizen, gutxienez, 725 aldiz aplikatu duela Udalak Mozal Legea, nahiz eta hau praktikan ez jartzeko konpromisoa hartu Urtaranen gobernuak.
Ikasturte honen amaieran, Mozal Legea apliatu zioten Kaleratzeak Stop Arabari. Elkarteko sei ekintzaile zigortuak izan ziren 2016ko kaleratze bat ekiditzen saiatzeagatik; isuna ez ordaintzeko erabakia hartu zuten, eragile ezberdinen babesarekin.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!