Hala Bedi Irratiaren tripak ezagutzeko aukera, asteazkenean, Izan Media bigarren irrati tailerretan
Hala Bedi Irratiak Izan Media tailerren bigarren edizioa antolatu du otsailaren 13 asteazkenerako (17:00). Irratia nolakoa den ikusi eta nola egiten den ikasi nahi baduzu aukera aparta duzu. Parte hartzeko, besterik gabe idatzi programazioa@halabedi.org helbidera eta zure zain egongo gara. Aldi berean lau tailer ezberdin antolatu ditu Hala Bedik:
Audio edizio: audioak nola grabatu eta nahasten diren irakatsiko da, Cool Edit programa erabiliz. Tresna hauen funtzionamenduaz jabetuz gero gai izango zara zeure kabuz irrati saio bat grabatzeko. (Hala Bedi Irratian)
Ahozkotasuna eta lokuzioa: mikrofonoaren aurrean jartzen garenean erabili beharreko doinua, abiadura, entonazioa… izango dira langai tailer honetan. Bakoitzak bere ahotsari etekina ateratzen ikasi ahal izango dio, hori frogatzeko benetako tresnak erabiliz.
Uhinetatik sarera: uhinetatik gain, aukera handiak ematen dizkio irratiari internetek. Sarean podcast-ak nola sortu eta erabili irakatsiko da tailer honetan. Hala Bediren webgunea eredu hartuta audioak sarean eskegitzeko eta beste elementu batzuz nola apaindu izango da hizketagai. (Saregunen, Hala Bedi Irratiaren alboan)
Zuzeneko emisioa kaletik nola egin: programa bat zuzenean eta emisoratik kanpo nola antolatzen da? galdera horri erantzungo dio laugarren tailerrak. Zuzenekoaren baldintza teknikoak jakitera emango dira eta parte hartzeko eta frogak egiteko aukera zabalik izango da. (Hala Bedi Tabernan)
Tailerrak amaitutakoan, 19:00etan, Hala Bedi Tabernan “Euskal musika. Bidegurutzean ala zubian?” mahaingurua hasiko da. Hiru pertsona izango dira mahaiaren bueltan: Josu Zabala musikaria, Jon Eskisabel kazetaria eta Josu Larrinaga soziologoa. Euskal musikagintzaren egungo egoera ulertzeko gakoak izango dituzte hizpide, eta etorkizunekoa atzemateko ildoei buruz ere arituko dira.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!