Gazteek Gasteizen ematzipatzeko dituzten arazoak islatu ditu GESek
Gazte Emantzipaziorako Sareak bost gazteren kasuak bildu ditu bideo batean.
Lara, Garazi, Miren, Maite eta Antxon Gasteizen bizi diren bost gazte dira. Haietako batzuk, alokairuan bizi dira baina zailtasun ugari dituzte gastu guztiak ordaintzeko. Beste batzuk, ordea, gurasoekin bizi dira oraindik. Gazte Ematzipaziorako Sareak bideo bat ekoitzi du bost gazteen kasuak biltzeko eta Gasteizen hamaika gaztek duten errealitatea islatzeko.
Ez da gutxiagorako. Alokairua %11,8 igo da 2018.urtetik 2019.urtera Araban eta marka historikoa lortu du: hilabetean 882 euro baino gehiago ordaintzen dira gure herrialdean alokatutako etxe edo pisu batean bizitzeagatik. Are gehiago, soilik azken sei urteetan ia %20a igo da alokairuaren prezioa Araban.
Hau guztia salatzeko, baliabide ezberdinak baliatu ditu GES Gasteizek azken egunetan eta, besteak beste, hitzaldi ezberdinak eman dituzte auzo ezberdinetan. Bideoarekin batera kaleratu duten oharrean, berriz, emantzipazioa “prozesu askatzailea” izan behar duela uste dute, “espekulaziotik askatuko gaituena, sistematik askatuko gaituena. Guk geuk sortuko dugun prozesua izango da”.
Salatu dutenez, merkatuak bi aukera posible baino ez dizkie eskaintzen gazteei: hipotekatu edo alokatu. “Egoera honetan, gazteoi ezinezkoa egiten zaigu etxebizitza bat eskuratzea, eta egiten badugu bizi baldintza txarren truke izaten da. Arazo hau, norberaren arazo propio bezala ulertu eta bizitzera ohitu gara, ez dugu kolektiboaren arazo bezala pentsatzen eta tratatzen”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!