82 urteren ostean, Araba berria memoriatik eraikitzera
1936ko uztailaren 18ko kolpe faxistatik 82 urte bete direnean, ekitaldi bateratua egin dute ezkerreko hainbat alderdik elkarte memorialista ezberdinen babesarekin. Gure kaleetan oraindik sinbologia frankista dagoela eta hainbat hiltzaile ez direla epaituak izan gaitzetsi arren, Gasteizen aurrerapausoak eman direla onartu dute, hainbat elkarte memorialisten babesa izan duen oroimen ekitaldian.
Espainiako Gerra Zibila 1936. eta 1939. urteen artean izan zen arren, 1936ko uztailaren 18an Espainiako armadaren zati handi batek estatu kolpea jo zuen Errepublikaren gobernuaren aurka. Gerra hori bultzatu zuten aldeek Altxamendu Nazionala, matxinada faxista edo Gerra Nazional-Iraultzailea deitu izan diote. Elkarte memorialista ezberdinek, ordea, kolpe faxista, zuzenean. Hori izan zen Gerra Zibilaren hasiera.
Hiru urte horietan, 500.000 pertsona baino gehiago izan ziren erailak Espainiako Estatuan: guda zelaian 300.000 eta 200.000 errepresioaren ondorioz. Guda amaitu bezain laster, Francisco Francok Estatuko aginte guztiak bereganatu zituen. Arabako errepresioaren mapa, ordea, ezinezkoa da osatzea oraindik: 300 pertsona baino gehiago hil zituzten, milaka espetxeratu eta esklaburekin batera.
Kolpe faxista horretatik 82 urte bete direnean, EH Bilduk, Ahal Duguk, Ezker Anitzak eta Equo-k ekitaldia egin dute Lehendakari Agirre plazan, “Araba Berria Eraiki” lemapean. Alegia, Francok laguntzat zuen herrialde horren aurkakoa irudikatzeko. Gainera, elkarte memorialista ezberdinen babesa izan du ekitaldi honek, tartean, Frankismoaren Biktimen Elkartearen babesa edo Martxoak 3 Elkartearena.
Izen frankistak gure kaleetan, oraindik
Ekitaldian Espainiako Estatuan existitzen den inpunitatea salatu dute. Victor Jara hil zuten militarrak Txilen zigortuak izan diren bitartean, Lauaxeta edo Luis Alava Sautu hil zutenak zigortu gabe daudela ekarri nahi izan dute gogora. Horretaz gain, Gasteizko kaleetan oraindik ere sinbologia frankista dagoela gaitzetsi dute, borroka horretan Gasteizek aurrerapausuak eman dituela onartzearekin batera. “Herri ekimenari eta bultzada politikoari esker eman dira urratsok”.
Manifestua sinatu dutenek hainbat puntu eskatu dituzte oroimen ekitaldian:
- Gerra eta diktaduraren inguruan egia argitzea, biktima eta errepresaliatuen ahalik eta errolda osatuena izateko.
- Lehen eta bigarren biktimen sailkapena eta memoria historikoan politika publikoetan egiten den diskriminazioa baztertzea.
- Justizia, frankismoaren aurka Argentinan zabaldu den kereila babestuz.
- Diktaduran izandako epaiketa guztiak baliogabetzea.
- Errepresaliatuak izan diren biktima horiek guztiek kalte-ordainak jasotzea.
- Ez errepikatzeko bermeak.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!