EUSTATeko langileak greban, “Eusko Jaurlaritzak prekarietatea arautu duela” salatzeko
Greba-eguna dute gaur EUSTATeko inkestatzaile eta ikuskatzaileek, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta. Salatu dutenez, Estatistikaren Euskal Erakundeko langile horiek ez dute kontratu finkorik, eta 28 urte daramate behin-behineko kontratuekin. Jonjo Agirre ELAko kideak esan du “muturreko prekarietatea” pairatzen dutela langileek: 3 eta 4 hilabeteko kontratuak izaten dituzte eta, “zorte apur batekin”, sei hilabeteko kontratuak ere izan ditzakete. 66 langiletik 65 langilek egin dute greba.
Lanpostu horiek sortzea eta, beraz, langileak egonkortzea eskatzen dute inkestatzaile eta ikuskatzaileek, erretiro duina bermatze aldera, izan ere 57 urteko batez besteko adina dute langileek. Kolektiboaren % 80 emakumeek osatzen dute. Batez besteko adin horrekin, ia 30 urte eta gero, hizkuntz eskakizunak exijitu dizkietela ere salatu du Agirrek, eta hori “bereziki mingarria” dela adierazi du, bere burua euskaltzaletzat duen sindikatua baitira.
“Zerbitzu publikoen desmantelazioa”
2010ean salatu zituzten Eusko Jaurlaritzaren praktika horiek guztiak, eta aldeko 101 epai jaso zituzten langileek, baina horrek ez zuen egoera hobetu; Agirreren esanetan, “are lanaldi kaxkarragoak pairatu behar izan dituzte geroztik”. Gainera, hamaika proposamen eta alegazio ere egin dituzte sindikatuek, baina batek ere ez du erantzunik jaso Eusko Jaurlaritzaren aldetik.
Lanaren antolaketa txarra baino, “lanaren antolaketa gaiztoa” dagoela adierazi du Agirrek, behin-behineko konrtatuak eginda ere, EUSTATek azpi-kontratazioak ere egiten baititu. Horrek erakusten du lana izan badela, sindikatuen iritziz. Zerbitzu publikoen desmantelazioaren beste adibide bat dela esan du Agirrek.
Orain, jarrera aldaketa sumatu dute Eusko Jaurlaritzaren aldetik, “langileek greba deialdia egin ondoren”. Aldaketa xumea dela esan du Agirrek eta, beraz, mobilizazioei eutsiko dietela. Gaur Legebiltzarrean gaiari buruzko eztabaida zen egitekoa, baina datorren astera atzeratu dute. Astelehenean, aldiz, agerraldia egingo dute batzordean Josu Erkoreka Jaurlaritzaren bozeramaileak eta Josu Iradi EUSTATeko presidenteak.
-
Hizpidea: EUSTATeko langileak greban, "Eusko Jaurlaritzak prekarietatea arautu duela" salatzeko??:??:??
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!
1 thought on “EUSTATeko langileak greban, “Eusko Jaurlaritzak prekarietatea arautu duela” salatzeko”