Zigor Olabarria Oleaga (Txori Urdinak): “Zure izotzean zaude eta ez duzu nahi inork zure izotza berotzea, bigundu egiten bazara behera etorriko zarelako, ze espetxea ez da bizigarria”
Santi Cobosen bizitza eta espetxeari buruzko liburua aurkeztuko dute larunbat goizean, Hala Bedi ondoko lokalean.
Santi Cobosek bizitza erdia baino gehiago eman du kartzelan, 26 urte guztira. Espetxealdi bereziki gogorrak bizi behar izan ditu gainera Cobosek, eta espetxearen barruko ikuspegi latz bezain interesgarria dauka. Argiako kazetaria den Zigor Olabarria Oleagak liburua osatu du Santi Cobosen testigantzekin. Santiren ahotik lehen pertsonan kontatzen ditu bere bizipenak, eta espetxeetako errealitatea islatzen du liburuan.
Espetxean bizirautea, emozioen kudeaketa hotza, ihesaldiaren ametsa, preso sozialen eta politikoen arteko harremana, espetxetik ateratzean bizitako zailtasunak eta beste hainbat kontu aipatzen ditu bertan. Santi Cobos kalean zegoela abiatu zen liburua egitearen prozesua, baina kartzelaratu egin dute berriro, ebazpen baten zain. Beraz, Cobosek ezingo du liburuaren aurkezpenean egon.
Larunbat honetan, eguerdiko 12.00etan egingo dute liburuaren aurkezpena, Gasteizen, Hala Bedi ondoko lokalean. Zigor Olabarria Oleagak gonbidapena zabaldu du bertaratzeko. Hizpidean berarekin hitz egin dugu luze, liburuaren edukiak eta hausnarketa ezberdinak ekarri dizkigu.
Elkarrizketa osoa hemen entzungai.
-
Hizpidea: Zigor Olabarria Oleaga (Txori Urdinak): "Zure izotzean zaude eta ez duzu nahi inork zure izotza berotzea, bigundu egiten bazara behera etorriko zarelako, ze espetxea ez da bizigarria"00:32:47
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!