Urbinako txabolen arduraduna atxilotu du Espainiako Poliziak
Ustez, 63 urteko gizonezkoak lursailaren adineko jabeari iruzur egin zion txabolak eraikitzeko, eta 2.000 euro baino gehiago kobratzen zituen Legutioko Udalean erroldatzea errazteagatik. through Alea.eus
Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak ohar bidez jakitera eman duenez, Espainiako Poliziak Legutioko bizilagun bat atxilotu zuen maiatzean, legez kanpoko immigrazioari laguntzea, iruzurra, derrigortzea, bizilekua bortxatzea eta osotasun moralaren aurkako delitua egotzita.
Urbinako txabolen auzia martxoan atera zen argitara. Orain jakin denez, zehaztu gabeko data batean, Espainiako Poliziak ikerketa abiatu zuen, Atzerritarren eta Mugen Brigadako Arabako agenteek jakin zutenean Urbinako (Legutio) finka batean legez kanpoko txabolen kokaleku bat zegoela, eta han dozenaka migratzaile osasun baldintza txarretan bizi zirela.
Ikerketan zehar jakin zuten infraetxe horiek 63 urteko gizon batek eraiki zituela —txabolak eraitsita daude dagoeneko—, Urbina herriko Urbina Entitatea kaleko etxe baten ondoan. Antza denez, gizonezkoa bere bikotekidearekin bizi zen etxebizitza horietako batean, eta, bertan, kalteberatasun egoeran zeuden atzerritarrei ostatu ematen zien.
Erroldatzea: 2.000 eurotik gora
Horretarako, ustez, atxilotuak higiezinaren jabea adinekoa zela baliatu zuen; emakumeak 92 urte eta entzumen arazoak ditu. Polizia-oharraren arabera, gizonezkoak eraikuntza lanak ordaintzeko diru kopuru handiak eskatzen zizkion adineko andreari, baita jabetzaren gaineko kudeaketa-ahalak lortzeko notario-ahalorde bat sinatzea ere.
Horrela, iruzur eginez, dokumentu hori erabiltzen zuen Legutioko Udalean atzerritarrak —batez ere, magrebtarrak— erroldatzeko, 2.000 eurotik gorako diru kopuruen truke. Gainera, alokairua kobratzen zien txaboletan ostatu emateagatik, bizitzeko gutxieneko baldintzarik gabe. “Etxe horietan izena eman zutenak baino askoz pertsona gutxiago bizi ziren”, azaldu du Espainiako Gobernuak.
Hasiera batean, asentamenduan eskolatu gabeko haurrak zeudela susmatzen zuten arren, ikerketan ezin izan dute hori egiaztatu. Neska adingabe bakar bat zegoela baieztatu zuten, baina “behar bezala zaindua eta eskolatua”.
Azkenik, Espainiako Poliziaren ikerketak argitara atera du, ustez, txabolen arduradunak bere telefono partikularraren zenbakia utzi zuela Gasteizko hainbat lokutoriotan, behar zuten atzerritarrei erroldatzeko eskaintza helarazteko.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!