“Tsunami demokratikoak eszenatoki interesgarria sortu du: askeak ala gobernaezinak izango gara”
Iñigo Robredo Korta (Gasteiz, 1987) Herrialde Katalanetan bizi da duela 12 urte. Ikasketak amaitu berritan, lan bila, jaioterria atzean utzi eta "bizi proiektu bat topatu nahian" abiatu zen Bartzelonara 2007. urtean. Bi urte dira CUPeko Idazkaritza Nazionaleko kide dela, eta Auzitegi Gorenaren sententzia baliatu du ALEAk berarekin hitz egiteko. through Alea.eus
Gaur egun, hamar pertsona daude CUPeko Idazkaritza Nazionalean, baina jende askok ez daki horietako bat arabarra dela. Gehienbat, antolakuntza, ekonomia eta lan-harremanen esparruan aritzen da Robredo. Hala ere, kide anitzeko zuzendaritza-organo bat da, eta asmoa “denon artean” egitea da.
Momentu honetan, eszenatoki “desatsegin” batean, panorama politikoan “bere burua birkokatzen” dago CUP, Robredok berak onartzen duen bezala.
“Sententziaren helburua disidentzia politikoari muga argiak ezartzea da”
Gainera, ez dira gutxi azken asteotako gertakariak: CDRetako kideen atxiloketen ostean iragarri zuen CUPek, lehen aldiz, Espainiako hauteskunde orokorretara aurkeztuko zela. Testuinguru horretan, antolakunde asanblearioa den heinean, CUPen barruan “eztabaida eta tentsioak” ere badaudela azaldu du Robredok.
Horren ostean, urriaren 14an ezagutu dugu Auzitegi Gorenak 9 eta 13 urte bitarteko espetxe-zigorrak ezarri dituela bederatzi buruzagi independentistentzat, 2017ko urriaren 1eko erreferenduma antolatzeagatik. “Tsunami demokratikoa” abiatu dute Herrialde Katalanetan, desobedientzia zibila oinarri, sententziari erantzun sendo bat emateko.
Aurreikusi zitekeen epaia izan da, are gehiago azken egunetako filtrazioekin. Momentu honetan, nola baloratzen duzue sententzia?
Espainiako estatua marko errepresibo bat sortzen ari da pairatzen duen lurralde gatazkaren aurrean irtenbide demokratikoa bilatzen duen edozein alternatibari atea ixteko. Eta honek ez dio soilik Herrialde Katalanei eragiten, baizik eta prozesu independentista baten aldeko apustua egin lezaketen herri guztiei.
Zein da, zuen ustez, sententziaren helburua?
Disidentzia politikoari muga oso argiak ezartzea. Gainera, desobedientzia zibila espetxe zigor luzeak dakartzan ordena publikoaren kontrako delitu bihurtu nahi dute, sistema bera betikotzeko helburuarekin. Guzti hau Auzitegi Gorenean sukaldatu da, baina Espainiako Gobernuaren kriminalizazio estrategiaren ondorio da. 78ko erregimena zalantzan jartzen duen oro jazartzeko erabaki bat dago honen atzean.
“Urriaren 1aren inguruko amankomuneko errelato bat egitea falta zaigu, hori funtsezkoa den arren”
Bi urte igaro dira U1-eko erreferendumetik eta politikari katalanen atxiloketen ostean, gaurko epaia ezagutu arte, nolabaiteko impasse politikoa bizi izan da. Nolakoa izan da mugimendu independentistaren bilakaera azken bi urteotan?
Bakoitzak bere irakaspenak atera ditu Urriaren 1etik, baina komuneko errelato bat egitea falta zaigu, hori funtsezkoa den arren. Argi geratu da herritarren ekimena dela prozesu hau aurrera egiteko berme bakarra. Jende askok ulertu behar du ez direla instituzioak askatasunera eramango gaituztenak. Halaber, beste jende asko instituzioen baliagarritasunaz jabetu behar da, lortzen diren konkistak egonkortzeko.
Eta zein da, zuen ustez, Generalitateak eta Kataluniako erakundeek bete behar duten papera?
Momentu honetan, Kataluniako Gobernuak ulertu behar du Espainiako Gobernuarekin elkarlanean aritzea ez dela aukera bat. Alde batetik, errepresioarekin elkarlanean aritzea delako. Bestetik, kudeaketa autonomikoa miseriaren banaketa kudeatzea baino ez delako. Joko horretan murgildu dira azken bi urteetan ERC eta JxCAT, independentisten artean inolako akordiorik lortu gabe, gainera. Eta hori ez da alternatiba bat. Horrela ez dugu aurrera egiterik.
“Tsunami demokratikoak eszenatoki oso interesgarria sortu du, askeak ala gobernaezinak izango gara”
Tsunami demokratiko bat antolatzen hasi da erantzun herritar bateratua emateko. Zeintzuk dira aurreikusten diren hurrengo urratsak?
Momentu oro, herri mobilizazioan eta indarkeriarik gabeko desobedientzia zibil aktiboan oinarritutako urratsak izango dira. Independentismoaren kontrakoa ez ezik, disidentzia politiko ororen aurkako epaia dela ulertzen duten pertsona eta eragile guztiak barnebilduko dituzten urratsak.
Zein da tsunami demokratikoak sortuko duen testuingurua?
Tsunami demokratikoak eszenatoki oso interesgarria sortzen du, gure iritziz: autodeterminazio eskubidea eta amnistia aldi berean aldarrikatzea, eskubide politiko guztiak kontuan hartuta. Hau da bidea: ezer aldatzen ez den bitartean, gobernaezintasuna. Askeak ala gobernaezinak izango gara.
“78ko erregimenaren kontrako aurrerapausoak emateko momentua da. Biluzik dabilela jakin behar du Espainiako Erregeak”
Arabar bezala, uste duzu nahikoa dela Euskal Herritik iristen den elkartasuna?
Gero eta jende gehiagok badaki Katalunian darabilten eszenatoki juridiko eta errepresiboaren laborategia Euskal Herria izan dela. Bertako elkartasuna nabaria da eta independentismoak biziki eskertzen du.
Hori bai, elkartasunetik haratago, 78ko erregimenaren kontrako aurrerapausoak ematen jarraitzeko momentua da, ez soilik Herrialde Katalanetatik baizik eta gainontzeko herrietatik ere. Biluzik dabilela jakin behar du Espainiako Erregeak.
Eta arlo instituzionalean, ba al dago Euskal Herritik prozesu horretan laguntzeko modurik?
Duela egun batzuk, Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Parlamentua ohartarazi zuen subiranotasuna eta autodeterminazioa bezalako kontzeptuak baztertu zitzan. Ba, zentzu horretan, interesgarria litzateke beste legebiltzar autonomikoetan, EAEn edota Nafarroan adibidez, autodeterminazioaren aldeko ebazpenak aurrera ateratzea bertako alderdiek.
“Interesgarria litzateke beste legebiltzar autonomikoetan autodeterminazioaren aldeko ebazpenak aurrera ateratzea bertako alderdiek”
Hilabete barru hauteskunde orokorrak egongo dira, eta lehen aldiz aurkeztuko da CUP. Zergatik hartu duzue erabakia?
Espainiako Gobernua osatzea ezinezkoa izan zen eta, orduan, hauteskundeen inguruko eztabaida itzuli zen gurera. Eztabaida korapilatsua izan da eta erabakia zaila. Baina helburu argi batekin egin dugu: Espainiako erakundeen zilegitasuna zalantzan jartzea, testuinguru errepresibo honetan.
Zein da espero duzuen emaitza, bai hauteskundeetan, eta baita Kongresuan bertan ere?
Espainiako Kongresuan gure ordezkaritza oso txikia izango da beti. Baina jendarte katalanari egiten diogun proposamena eramatea beharrezkoa dela uste dugu: eskubide eta askatasunen defentsa, amnistia eta autodeterminazio eskubidea. Diskurtso horretan oinarritutako ofentsiba politikorako momentua dela uste dugu, eliteen arteko ituna geldiarazteko. Ez dezatela goitik itxi behetik ireki dena.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!