Tauxme enpresak pandemia betean kaleratutako ordezkari sindikal bat berronartu beharko du
Pandemia hasierako protesten ondorioz kaleratutako ordezkari sindikal bat berronartu beharko du Langraiz Okako Tauxme enpresak, epaitegien aginduz. Gainera, urtebeteko soldatak eta 2.500 euroko kalte-ordaina ordaindu beharko dizkio. through Alea.eus
2020ko martxoan, Covid-19aren pandemiak bete-betean kolpatu zuen Araba. Osasun krisia hasi eta egun batzuk lehenago, Langraiz Okako Tauxme enpresako langile bat ordezkari sindikal izendatu zuen ELA sindikatuak, afiliatuen adostasunarekin. Horri esker, ELAk atal sindikala sortu ahal izan zuen, lehen aldiz enpresa horretan; eta izendapena jakinarazi zioten zuzendaritzari.
Egun gogorrak izan ziren haiek Arabako industriako langileentzat. Martxoaren 15ean hasi zen konfinamendua, baina jarduera ekonomikoak martxoaren 28ra arte mantendu ziren, Espainiako Gobernuak funtsezkoak ez zirenak etetea agindu zuen arte. Hamahiru egun horietan, langileen protestak ugaritu ziren, batez ere pilaketa handiak zituzten lantegietan.
Martxoaren 27an —hau da, agindua baino egun bat lehenago—, euskal gehiengo sindikalak Haserre Eguna izeneko protestaldia deitu zuen Hego Euskal Herrian, baita Araban ere. Delegatua bere funtzioak betetzen hasi zen orduan, eta protesta hura ondorengo errepresalien arrazoietako bat dela salatu du ELA sindikatuak.
Izan ere, hilabete eta egun batzuk beranduago, apirilaren 29an, ordezkari sindikala kaleratu zuen zuzendaritzak. ELA sindikatuaren arabera, “inolako justifikaziorik gabe, bere lan errendimendu baxua aipatuz inongo fundamenturik gabe”.
Berronarpena, urtebeteko soldatak eta kalte-ordainak
Kaleratzearen inguruko auzia ia urtebetez luzatu da epaitegietan. Bitartean, langilea enpresa batzordeko kide hautatu dute hauteskunde sindikaletan. Orain, enpresak langilea berriro onartu behar izan du; gainera, urtebeteko izapide-aldiko soldatak eta 2.500 euroko kalte-ordainak ordaindu beharko dizkio, kaleratzeak langileari eragindako kalte-galerak aitortuz.
ELA sindikatuaren ustez, Tauxme enpresak askatasun sindikala urratu du: “Enpresan antolatzearen eta langileen eskubideen alde borrokatzearen aurka egin du, beldurraren politikarekin. Hala ere, antolatzen eta lan egiten jarraituko dugu lan eskubideak defendatzeko”, azpimarratu du sindikatuak.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!