Selektibitatearen aurkako mobilizazioak deitu ditu Ikasle Abertzaleak
Ekainaren laua eta zazpia bitartean egingo dira unibertsitatera sartzeko ebaluazio probak Hego Euskal Herrian. Selektibitatearen aurkako kontzentrazioak burutuko ditu Ikasle Abertzaleak, azterketek “kapitalismoa erreproduzitu eta indartzeko helburua dutelako eta langileongan eragiten duten sufrimendu, estres, depresio, min eta ezinegon guztiagatik” through Argia.eus
Ikasle Abertzaleak taldeak kontzentrazioak deitu ditu laster ospatzekoak diren selektibitate azterketen aurka, ohar batean jakinarazi duenez. Unibertsitatera sartzeko ebaluazioen aurka gogor egiten du ikasle sindikatuak, haren ustetan probek duten hiru funtzio nagusiak direla eta.
Batetik, hezkuntza sistemak sortu nahi duen ikasle mota lortu den ebaluatzeko azterketa litzateke selektibitatea; “ikasleak zenbateraino barneratu duen hezkuntza prozesuak ezarritako ikasketa diziplina. Hori, irakatsitako edukia memorizatzeko gaitasunaren arabera baloratzen du selektibitateak”. Bigarrenik, hezkuntza betetzen duen “filtro sozial” funtzioaren azken urratsa litzateke selektibitatea, ikasketa batzuetan edo besteetan sartu ahal izateko nota sistema erabilita nagusiki. “Estatus sozial altua dutenak nota gehien dutenentzat, ikasketa diziplina hobekien barneratua dutenentzat”. Azkenik, edukien bidezko homogeneizazio ideologikoa salatu du Ikasle Abertzaleak: “Milioika ikaslek, zehatz-mehatz jakingo baitute [Espainiako Estatuko burgesiari] komeni zaion ikuskera historiko, filosofiko eta ekonomikoa, besteak beste”.
Horregatik guztiagatik, Selektibitateari ez! lelopean kontzentrazioak deitu ditu Ikasle Abertzaleak. Ekainaren 4an Iruñeako NUPen, eta 5ean Ibaetako, Gasteizko, Leioako eta Sarrikoko campusetan. Arabakoaren kasuan, 10:15ean izango da, Gasteizko Kanpuseko Elurretan.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!